Protestaldi jendetsu eta anitzen ostean, 1983an Madrilek gelditu zituen Lemoizen zentral nuklearra sortzeko lanak. Orain, azpiegitura horiek berrerabiltzeko erabakia hartu dute. Izan ere, Zapateroren Gobernuak otsailean ekonomia suspertzeko onartutako ehun neurrietako bat da Lemoizen ziklo bateratuko zentral berria sortzea.
Konpainia elektrikoek bere garaian Lemoizen egindako inbertsioa hilero-hilero ordaintzen dute aspalditik euskal herritarrek eta Gobernuaren arabera laster bukatuko da kalte ordainekin. Hortik aurrera, Estatuarenak izango dira azpiegiturak eta saltzeko aukera izango du. Salmenta hori enkante edo lehiaketa publikoaren bidez egingo da, beti ere Iberdrola gaur egungo jabeak lehentasuna izango duela.
Bestalde, Lemoizko zentral berria bat etorriko litzateke Hirukoaren Gobernuak abenduan onartutako gasa erabiliko lukeen beste zentral bat sortzearen aurreikuspenarekin. Asmo horretarako Lakuak ez zuen zehaztu inolako tokirik. Edozelan ere, ikusi beharko da Lemoizko zentralaren inguruko asmoei zelan erantzungo dien mugimendu ekologistak. Bitartean, azpiegitura zaharrak, hoditeria eta burdinazko egitura eraisten dihardu azken egunotan Iberdrolak.