Arratoien kopurua asko murriztu da Getxo udalerrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 1a, 21:52

Herrian egun dagoen arratoi kopurua %13 gutxitu da 2003koarekin alderatuta, epealdi horretan animali horiek hiltzeko zerbitzuaz arduratzen zen enpresak egindako 2004ko txostenean jasotzen denaren arabera. Azterlanaren harira, gaur egun, 57.376 dira arratoi getxoztarrak –2003an baino 9.000 bat gutxiago–, hau da, bataz bestekoaren parean, 0,68 arratoi biztanleko, edoto 61 hektareako. 41 arratoi hektareako kopuru handitzat jotzen den arren, Getxo beste herri askoren azpitik dago.

Getxoko Udalaren ustetan udalerrian izandako arratoi kopuruaren beherakada garrantzitsu hau arlo horretan egiten ari den lan handiaren ondorioa da, etorkizunean ere horrekin jarraitzeko asmoa dutela. Aipatu enpresak egindako azterlanak 37 esparru hartzen ditu (bakoitzak 2.500 metro koadroko azalera du guztira), datuak biltzeko horrelaxe sailkatu baitzen udalerria. Arratoi kopurua gehien gutxitu zen aldea Itzubaltzeta / Erromo-Areetakoa da, %28,58 bat, eta gutxien, berriz, Getxo, %0,83 inguru.

Egun osoan jarduteko zerbitzua eskainiz, auzokideek egindako 109 deiri erantzun zien enpresak, 2004an. Gehienak lan-eremuen inguruetako etxebizitzetatik egin ziren (alde horietan batzen dira era horretako animaliak, lurrak iraulitakoan azalera ateratzen baitira arratoiak), baita Gobela erreka eta zabortegi ingurukoetatik ere. Dei kopurua asko gutxitu zen neguan eta udaberrian, 2003ko azaroan arratoiak hiltzeko egitasmo garrantzitsua garatu baitzen udalerrian, horrelaxe egin da ere aurtengo martxoan. Getxoko Udalak beste bi urtez esleitu du zerbitzua, 24.000 eurotan urteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun