Jauregik erantsi zuenez, Estatu frantseseko arrantzaleak "euren baliabideak agortu dituzte eta orain gureak agortzen ari dira". Bermeoko alkateak, ostera, bere iritziz Gobernu zentralak gai honetan darabilen jokabidea kritikatu zuen, euskal arrantzaleen interesak babestu ez dituelakoan. "Espainiako Gobernuak saldu egin gaitu; ia kapaz diren orain konpontzeko", gehitu zuen.
Idazkiak dioenez, izenpetzaileek "babes eta elkartasun osoa" agertu dizkiete sektorearen krisialdiak kaltetu dituen familiei. Jauregik adierazi zuenez, "orain arte ikusi gabeko" arazo baten aurrean dago, eta egoera horrek ekonomian ez ezik, gizartean eta ingurumenean izan du eragina.
Agiria Lemoiz, Ondarroa, Elantxobe, Bermeo, Lekeitio eta Mundakako alkateek izenpetu zuten Bizkaian, eta Getaria, Hondarribia, Mutriku, Orio eta Zumaiakoek Gipuzkoan. Aldiz, Santurtzi, Pasaia eta Donostiak ez zuten bat egin akordioarekin; udalerri horietan ere eragina izan du krisialdiak, baina alkate sozialistak dituzte.