Irune Padró Itxartu Gaztetxoen begiraleak UKBERRIri aitortu dionez, dena prest dago Bizkai osotik etorriko diren berrehun bat ume jasotzeko eta egun osoan zehar haiekin ondo pasatzeko. Horrela, eta nahiz eta eguraldiarekin guztiz ez fidatu, antolatzaileak oso animatuta daude. Izan ere, esperientzia handia daukate dagoeneko Itxartuko hamar begiraleek: soilik ikasturte honetan 35 bat umeren ardura daukate, haietatik 25 sei eta hamabi urte bitartekoak eta beste 10 hamabi eta hamabost bitartekoak.
Jarduera anitz Itxartun
Itxartuko kideek asteburuetako saioetan zein Gabonetako haur parkera edota Donostiako patinaje pistara egindako txangoetan ederto pasatzen dute. Horretaz gain, Itxartuko dantza taldearekin harreman zuzena daukatenez, Santa Agedan, Olentzaron eta Inauterietan abestera eta dantzatzera irtetzen dira taldekideak. Itxartu Gaztetxoen begirale denak eta ume gehienak euskaldunak dira eta euskaraz egiten dituzte jarduera guztiak, baina euskara behar beste menperatzen ez duen umerik ere badago taldean eta behar denean bat-bateko itzulpengintzaz arduratzen da begiraleren batek.
Itxartuz gain, beste hiru Gaztetxo talde daude Uribe Kostan: Leioako Amets Berria, Erandioko Kilkirtxu eta Urdulizko Ipurtats, iazko Gaztetxo Egunaren antolatzailea. Beraiekin batera Alonsotegi, Bilbo, Mungia, Basauri eta Gordexolako taldeek osatzen dute Bizkaiko Gaztexoen Koordinadora. Gaztetxo talde guztien helburu nagusia "ume bakoitzaren hezkuntza bultzatzea" da eta horretarako aisialdi ekitaldiak erabiltzen dituzte. Gaztetxoenek lau urte dituzte eta 16 urterekin bukatzen da gaztetxoa izateko garaia, norberak begirale gisa jarraitzea ez badu erabakitzen.
Eguneko egitaraua:
11:00etan, Bizkaiko Gaztetxoak taldeen kalejira, dantza taldea,
txistulariak, trikitixa, buruhandiak eta zanpantzarrak, Algortako
metrotik Biotz Alai plazara.
11:30ean, Gaztetxo Egunaren hasiera:
· Puzgarriak.
· Euskal dantzak Algortako Itxartu dantza taldearen eskutik.
· Karts.
· Arku-jaurtiketa.
· Tirolina
13:00etan, Ginkana.
14:00etan, Sari-banaketa eta omenaldiak.
14:30ean, Herri bazkaria talde partehartzaileentzat.
16:00etan, Disko-festa
19:00etan, Ekitaldien amaiera.