Gaur hasiko da Amarratsak kolektiboaren astea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 6a, 19:55

Errepresioa Euskal Herrian gaiaren barruan, gaur, astelehena, 20:00etan Algortako Traganarru tabernan, proiektatuko den "Oxtiax blai!" bideoarekin hasiko da Amarratsak kolektiboak antolatutako astea. Prentsa oharraren bidez gogoratu dutenez eragile hori "gure eskualdean hainbat borroketan egon den eta dagoen hutsunea asetzeko nahian sortu zen". Taldeak urte bat bete duenean "eta sustraitze lanetan jarraitzen badogu ere", lanean etengabe jardun du eta horrela jarraitzeko asmoa dauka hainbat arlotan. Horregatik, antolatu duten Amarratsak astean egun bakoitzean gai bati egokituko zaio. Gaur, errepresioa; asteartean, Polizia eredua; asteazkenean, antimilitarismoa; ostegunean, gaztetxeak eta autogestioa; ostiralean, txikizioa; zapatuan, Erandioko Ertzain-etxe erraldoiaren kontrako martxa eta, egun berean, astea ixteko,kontzertuak. Ekitaldiak Algortan, Erandion, Itzubaltzetan, Leioan eta Sopelan egingo dira. Argazkian, Amarratsaken prentsaurreko bat.

Amarratsak kolektiboak "arlo ezberdinetan lan egiteko asmoa dauka gai edo borroka askotan gabezi itzela igerten baitugu". Dena den, gaur arte "gai zehatz batzutan soilik jardun gara, LPP-PTP eskualdeko proiektu txikitzailearen aurka, superkuartelik ez! Lelopeko urteroko martxa antolatzen, okupazioaren alde eta herri giroa apur bat suspertzen. Ahaztu barik kolektiboaren parte diren beste borroka guztiak, etxebizitza eskubidea, espekulazioa, kontrol soziala, langabezia, gizarte laguntzen behar eta eskubidea,.. eta abar".

"Beti ere modurik eraginkorrenean lan eginez, arazoak kaleratu, injustiziak salatu eta borroken zergatia azalarazi eta indartzeko". Horregatik, Amarratsak kolektiboak izen bereko astea antolatu du ekainaren 6tik 11ra. Astearen helburua "Amarratsak kolektiboa kaleratzeaz aparte, informazio, komunikazio, eduki eta mobilizazioz betetzea da". Horretarako erabiliko dituzten tresnak bideo emanaldi, hitzaldi, mahai inguru, bizikletada, herri bazkari eta jai giroa kontzertuekin izango delarik.

Egitaraua

Astelehena, ekainak 6:

20:00etan, "Oxtiax blai!" bideoaren emanaldia Algortako Traganarru tabernan. Gaia: errepresioa Euskal Herrian.

Asteartea, ekainak 7:

20:00etan, "Alternativas al modelo policial" hitzaldia Cesar Manzanos EHUko irakaslea eta idazlearen eskutik Itzubaltzeta / Erromoko Itzubaltzeta gaztetxean.

Asteazkena, ekainak 8:

20:00etan, "Antimilitarismoa Uribe Kostan" mahai ingurua UZKI, Erandioko Talde Antimilitarista eta Getxo Antimilitaristarekin. Mahai ingurua Sopelako Nikola AEK euskaltegian egingo da Igeltsera gaztetxea itxi baitute.

Osteguna, ekainak 9:

19:00etan, "Gaztetxeak (Autogestioaren bidetik gure guneak antolatu)" gaiaren barruan, Atarrabiko gazte asanbladaren bideoaren proiekzioa eta mahai ingurua, Leioako Udondo Gaztetxean.

Ostirala, ekainak 10:

19:00etan, "Txikizioa Euskal Herrian: nola aurre egin!" mahai ingurua, (PTP, Supersur, AHT, Plataforma por un tren social, Zornotza bizirik.....), Sopelako Nikola AEK euskaltegian.

Larunbata, ekainak 11:

12:00etan, bizikletada superkuartelaren aurka. Erandioko metroko plazatik... Algortara.

14:30ean, bertso-bazkari herrikoia eta triki-animazioa Txiki Otaegi plazan.

19:30etik aurrera,Kloratita, Inoren Ero Ni eta Selam (Okzitania) kontzertuan Itzubaltzeta / Erromoko Itzubaltzeta gaztetxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun