Udalbatzarretan aldi bereko itzulpen sistema jartzea eskatu du Sopelako PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 7a, 14:06

Hedabideetara atzo helarazitako idatziaren bidez, osoko bilkuretan euskaratik gaztelerarako aldi bereko itzulpen sistema jartzea eskatu du Berta Rodriguez Sopelako PPko zinegotziak, "udalbatzako kideen arteko komunikazioa hobetze aldera". Popularren bozeramaileak adierazi duenez, "udalbatzarrean zer esan den ere ez dakigu itzulitako aktak bidaltzen dizkiguten arte, zinegotzi batzuek euskaraz baino ez dutelako hitz egiten". Hori dela eta, Euskararen Erabileraren Normalkuntzari buruzko Oinarrizko Legea "urratzen" ari dela uste du Rodriguezek, "baita hizkuntz horretan hitz egiterik ez dugun udal ordezkariei kaltetzen ere". Hori aitzaki hartuta, hitza hartzeari uko egin zion zinegotzi popularrak maiatzaren 26an egindako azken osoko bilkuran.

"Osoko bilkura bakoitzaren ostean egindako kexa ugariei Udal Gobernuak behingoz kasu egitea espero dut eta, zentzuz jokatuz, itzulpen sistema jarri dezala, hizkuntz-bereizkeria ekidin eta korporazioko kideen artean ulertzea lortzeko", azaldu du Rodriguezek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun