Bihar hasiko dute 8.054 ikaslek selektibitatea EHUn, horietatik 4.072k euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 7a, 15:09

Euskal Autonomia Erkidegoko 8.054 ikaslek bihar hasiko dituzte hautaproba azterketak Euskal Herriko Unibertsitatean. Aurten, lehen aldiz, selektibitatea euskaraz egiten duten ikasleak (4.072), gaztelaniaz egingo dutenak baino gehiago dira (3.982), EHUko iturriek gaur jakinarazi dutenez. Azterketak arratsaldeko lauetan hasiko dira. Lehendabizi, Hizkuntza eta Literatura proba izango da, eta gero Historia; ostegunean, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 19,00ak arte, Batxilergoan egindako espezialitateko nahitaezko eta hautazkoen probak izango dira. Azkenik, ostiralean, 10:00etatik aurrera, Euskara azterketa izango da, eta gero aukeratutako atzerriko hizkuntzakoa (ingelesa, frantsesa edo alemana).

Aipaturiko 8.054 ikasleek 49 epaimahaitan egongo dira banatuak: 8 Araban, non 1.028 ikasle (417 euskaraz) aurkeztuko diren; 15 Gipuzkoan, non 2.801 ikaslek (1.839k euskaraz) egingo duten azterketa, eta 26 Bizkaian, non 4.225 ikasle (1.816 euskaraz) aurkeztuko diren selektibitatera.

Epaimahaiak

Zehazkiago, Araban, Gasteizko campuseko fakultateetan dira bost epaimahai, beste bi Elurretako Ikasgelategian, eta zortzigarrena, berriz, Laudioko Canciller Ayala Bigarren Hezkuntzako Institutuan. Gipuzkoako 12 epaimahaiak Donostiako hainbat ikastegitan egongo dira (horietatik lau Ignacio Maria Barriola Ikasgelategian) eta beste hiru Eibarko Ingeniaritza Teknikorako Unibertsitate Eskolan. Bizkaian, azkenik, Leioako campuseko lau ikastegitan 13 epaimahai egongo dira; EHUren Bilboko fakultate eta eskoletan, berriz, hamar epaimahai; epaimahai bi Portugaleteko Nautika Eskolan egongo dira; azkena Barakaldoko Meatze Ingeniaritza Teknikorako Unibertsitate Eskolan izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun