Igandean hondartzetara bidean auto-ilarak sortu izana Herrizaingo Sailari egotzi dio Bizkaiko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 7a, 22:28

Igandeko eguraldi onaren ondorioz, Uribe Kosta eskualdeko hondartzetarako sarbideetan auto-ilarak sortu izanaren erantzukizuna, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari leporatu dio gaur Antonio Basagoiti Bizkaiko PPko presidenteak. Berak adierazitakoaren arabera, "bereziki garrantzitsuak izan ziren arratsalde partean eta operatibo berezirik ez zen egon horiek ekiditzeko". Basagoitiren ustez, "horrelako egoerak saihesteko ardura eduki eta egin ez zutenei baino ezin zaie egotzi ehunka bizkaitarrek eragozpenak jasan izana. Iragartzen zuten eguraldia ikusita, begibistakoa zen jende ugari joango zela hondartzetara eta, hortaz, trafiko arauketa berezia behar zela". (Argazkian, Sopelako Atxabiribil hondartzarako sarbidea).

Bizkaiko PPko presidentearen hitzetan, "igandean Ertzainaren patruila-auto bat bera ere ez egotea ulertezina da, lurraldeko hondartza garrantzitsuenetarako errepideetan, auto kopuruaren igoeraren eragina gutxitzeko behintzat". Ildo horretan, "aurrikusteko moduko egoera" izanda,"saihesteko neurririk ez" zela hartu nabarmendu du Basagoitik. Hori dela eta, horren gaineko azalpenak eta, udara begira, Herrizaingo Sailak aurrekusten dituen neurrien xehetasunak eskatu dituzte popularrek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun