Berbalamiñe Leioako euskara elkarteak batzar irekia egingo du ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 8a, 11:39

Datorren ostiralean burutuko duen batzarrera Leioako euskaldun guztiak gonbidatu ditu Berbalamiñek. Euskara elkarteak Leioan zehar zabaldutako oharrean jasotzen denez, aipatu bileran zuzendaritza taldeak orain arte egindako tramitazio eta jarduera guztien berri emango du, Leioako euskaldunek balorazioa eman ahal izateko. Horrekin batera, datorren urterako egitasmoa eztabaidatu eta hurbildutakoen ekarpenak bildu egingo dituzte Berbalamiñekoek. Hilabete batzuk lehenago sortu bazen ere, iazko azaroaren 18an egin zuen Leioako euskalgintzaren izar berriak bere aurkezpena, 50 euskaltzaleren aurrean. Horren ostean, bazkideen afaria, mendi txangoak eta pala txapelketa, besteak beste, egin dituzte.

Berbalamiñeren gonbitea

Berbalamiñe Euskera Elkartearen Batzar Orokorra

Herrikide hori:

Ia urte bete da BERBALAMIÑE EUSKARA ELKARTEA sortzeko batzar orokorra burutu genuenetik. Denbora honetan, gure helburuei jarraituta, zenbait lan eta ekitaldi burutu dugu; alde batetik funtzionamendua ziurtatuko dituztenak (elkartea legeztatzea, egoitza berria…), eta beste aldetik euskaldunok harremanetan jartzeko eta euskarari lekua ematen laguntzeko ekitaldiak (euskal afaria, mendi irteerak, pala txapelketa). Orain aro berri baten aurrean gaude, eta zure laguntza eta bultzada behar beharrezkoak dira.

Egindakoaz informatzeko, baloratzeko eta zure ekarpenekin datorren urtean egingo duguna zehazteko ekainaren 10ean, arratsaldeko 7:30ean, lehenengo deialdian eta 8:00etan bigarrenean, Sakoneta kiroldegiko batzar aretoan burutuko den Batzar Orokorrera deitzen zaitugu. Etortzeko dei honekin batera, hona hemen:

Gai-ordena

- Orain arte egindakoaren memoria.
- Datorren urterako egitasmo berria.
- Bazkideen ekarpenak eta asmoak.

Dauden gaiek dauzkaten garrantzia kontuan hartuta etorriko zarelakoan, har ezazu gure agurrik beroena,

Leioan, 2005eko ekainaren 1ean,

Zuzendaritza Batzordea.

Argibide gehiagorako:

berbalamine@euskalerria.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun