Azken arnasa eman du Leioako ospitaleak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 8a, 12:44

Inoiz erabili ez zen Leioako ospitalearenak egin du. Dagoeneko eraikin zaharra eraisteko lanak bukatu dira eta atzo Karmelo Sainz de la Maza Leioako alkateak jakinarazi zuenez ospitalearen desagerpena "pozteko arrazoia" da. Bertan, Saltuena auzoan, enpresa "ez kutsatzaileak", bulegoak, hotela edo geriatrikoa eta aisialdirako guneak eraikitzea nahi du Udalak. Lanak hasteko epea 2006 izango litzateke dena aurreikusita dagoen bezala joatekotan. Sainz de la Mazak atzo jakinarazi zuenaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiaren sinaduraren zain egon arren gunearen plangintza ia guztiz itxita dago.

Orain, ospitalearen hondakinak batzen dihardute, ahal dena berziklatzeko asmoz. Bestalde, eta urte honetan zehar, berpartzelazioaren lanak egingo dira. Hortik aurrera, erakunde publikoek lekua utziko diete enpresaburuei bertan 86.000 metro koadro izango dituen Saltuenako Enpresa Jarduerarako Parkea eratzeko. Sainz de la Mazak "enplegua sortzeko espazio handitzat" jo zuen Saltuenako enpresagunea.

Parkea "Orain bulegoen eskaera handia dagoenez une onean" helduko delakoan zegoen atzo Leioako alkatea. Era berean, aisialdirako azken zerbitzuak 2016ra arte ez direla bukatuko jakinarazi zuen. Bestalde, merkataritza-gune handirik zabalduko denik ukatu zuen atzo De la Mazak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun