Canal Blues taldeak estreinatuko du aurtengo jaialdia ostiralean. 2001. urtean sortu zen Bizkaian laukotea, bluesa eta rocka uztartzeko asmoz. Steve Ray Vaughan, Robert Cray edo Brian Setzer bezalako musikarien eragina barreiatzen dute Canal Bluesen abestiek. Gorka Bringas (gitarra), Luis Alberto García (gitarra), Isidoro Redondo (bateria) eta Jose Merodio (baxua) musikariek osatuta dago taldea, eta Algortan eskainiko duten kontzertuan beste bi musikarien laguntza izango dute "No nací pá trabajar" diskoaren kantak aurkezteko.
Eddie "The Chief" Clearwater
Eddie "The Chief" Clearwater eskarmentu handiko musikariaren txanda izango da ondoren, egun berean. "The Chief" gaur egungo blues musikaren artista ezagunenetariko bat da. Maconen (Mississippi, AEB) jaio zen Clearwater 1935ean eta oso gaztea zela hasi zen musikan inguruetako gospel taldeetan. 1950ean Chicagora joan zen musikari profesionala bihurtzeko asmoz, eta hiru urte beranduago bere lehenengo taldea sortu zuen. Ordutik hona, jarduera arrakastatsua izan du musikari iparamerikarrak. Country, blues eta rock musikak uztartzen dira bere estilo alaian; jaia bultzatzen duena.
Clearwaterrek argi erakutsi du adinak ez duela inolako garrantzirik eta 65 urte beteta heldu zaio arrakastarik handiena: 2001ean W.C. Hand Award (blues musikaren saririk garrantzitsuenak) sari bat lortu zuen eta bi urte geroago "Best Blues Entertainer" izendatu zuten Chicagoko "Music Awars" sari ospetsuetan.
Coco Montoya
Larunbatean, blues-soularen mito baten txanda izango da: Coco Montoya. Azken urteotako musikari handienetariko bat da Montoya kaliforniarra. Bere jarduera Albert Collins telecasterraren maisu handiaren eskutik hasi zen 1970eko hamarkadan. Urte batzuk pasa ondoren, benetako erronka heldu zitzaion John Mayallen Bluecasters talde ospetsuan sartu zenean. Benetako desafioa zen hori, Eric Clapton, Peter Green edo Mick Taylor musikari handien lekua hartu behar baitzuen. Bikain egin zuen eta hamar urtetan zehar aritu zen Bluecastersekin mundu osoan zehar.
1990eko hamarkadaren erdian bakarka aritzea erabaki zuen eta 1995. urtean "Gotta Mind To Travel" disko arrakastatsua kaleratu zuen Montoyak. "Ya Think I'd Know Better", "Just Let Go" eta "Suspicion" iritsi ziren honen ondoren eta Montoyaren ospeak handitu baino ez zuten egin.
Little Axe Band
Azkenik, Little Axe (Skip McDonald) Ohioko (AEB) musikariak emango dio amaiera jaialdiari. Talentu handiko gitarra-jole, piano-jole eta abeslari honek estilo berezi bat garatu du, bluesa, reggae erritmoak, musika elektronikoa eta dub soinuak nahastuz. Etorkizuneko bluesaren aitzindaria da Little Axe.