Geroa eta Zabala ere batu dira Eskola-Agenda 21 egitasmora

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 8a, 22:14

Geroa Ikastolak eta Juan Bautista Zabala ikastetxeak bat egingo dute datorren urtean Getxoko Eskola-Agenda 21 egitasmoarekin eta, horrela, aurten martxan jarritako lan taldean sartuko dira. Horretan ondorengo hezkuntza zentroek parte hartzen dute gaur egun: Larrañazubi ikastetxea, Gobela Ikastola, Aixerrota, Fadura eta Julio Caro Baroja institutuak, Getxoko Udaleko ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegia. Horrela eman dute gaur ezagutzera, udaletxeko batzar aretoan, Iñaki Zarraoa alkateak eta Fernando Burzako Ingurumen zinegotziak. Ingurumenaren gaineko hezkuntza bultzatzeko ekimenean aurten parte hartu duten ikasleak hartu dituzte bertan.

Ikasleek eta irakasleek, eskola zentro bakoitzean azterketa egin ondoren ingurumenarekiko hartu dituzten konpromisoak eman dituzte ezagutzera eta udal arduradunei zenbait eskaera ere egin dizkiete. Aurtengo gaia “energia” izan dela kontuan hartuta, honako hauek daude neska-mutilek hartutako konpromisoen artean: erabiltzen ez direnean, argiak eta ekipo elektrikoak amatatzea; neguan gelak airatzeko leihoak behar-beharrezkoa baino ez denean zabaltzea; berogailuen termostatoak neurtzea edo garraio publikoak erabiltzea, besteak beste.

Iradokizunak

Udalerrian garapen jasangarriarekin bat datozen jarduerak aurrera eramatea eskatu diete udal agintariei ikasleek, tartean, argiztapen publikoa, udalerri osoa zeharkatzen duen bidegorri sare bat sortzea eta ingurumena errespetatzea eta, aldi berean, hondakinak birziklatzea, murriztea eta berrerabiltzea bultzatzen dituzten kanpainak egitea. Eskola-Agenda 21eko kideek egindako iradokizunak adi entzun ditu Iñaki Zarraoa alkateak eta "udal agintariek ikertu eta etorkizunean kontuan hartuko dituztela" adierazi du. Ekitaldiari amaiera emateko, zentroei domina bana eta ikasleei oparitxoa eman diete.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun