Bederatzi saharar ume hartuko dituzte udan hainbat familia getxoztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 8a, 23:28

Getxoko Udalak beste urte batez sinatu du Sahararen aldeko ATFAL Elkartearekin urtero adosten duen hitzarmena. Horren bitartez, udan hainbat haur saharar hartzen dituzte famili getxoztarrek. Egitasmoa finantzatzeko 10.000 euro jasoko ditu elkarteak. Hain zuzen ere, aurtengo uda Getxon emango duten bederatzi neska-mutilen bidaiak, materiala eta gainontzeko gastuak ordaintzeko. 1996an martxan jarri zen Oporrak bakean ekimenak hiru helburu ditu: saharar umeek gure artean oporrak gozatzea, horien osasuna zaintzea hemen egiten dizkieten azterketei esker eta azkenik, getxoztarren artean gurea ez den beste errealitate batekiko sentsibilizazioa eta ezagutza bultzatzea. (Argazkian, azaroaren 20an Algortako Telletxe plazan egin zen Sahararen Egunaren irudia).

“Egitasmo honen helburu nagusia saharar herriaren egoera hobetzea da, zehazki, Tindoufeko (Aljeria) errrefuxiatu kanpalekuetako bizilagunena; euren egoera duela 30 urtetik hona oso txarra delako”, Imanol Landa Presidentzia zinegotziak adierazi duenez. "Helburu hau bat dator Getxoko Udalak lankidetza esparruan aurrera eramaten duen jarduerarekin", gaineratu du. Horren barruan, aurten, 84.000 euro bideratuko ditu Saharara, 480.000 euroko kopurutik.

Saharar jaia Arrasaten

Karmele Amurizar ATFAL elkarteko bozeramaileak aipatutako hiru helburuak azpimarratu ditu eta haurrak uztailan eta abuztuan Getxo udalerrian eta inguruetan egingo dituzten jarduerak aditzera eman ditu. Horrela, ohikoak diren Leioako suhiltzaileen parkerako eta Cabarcenoko natur parkerako txangoez, zaldiz ibiltzera joateaz edota pailasoen ekitaldiez gain, aurten Arrasaten izango den saharar jaian parte hartuko dute, jende guztiari zabalik egongo dena.

“Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian dauden saharar haur guztientzako ospakizuna egingo dugu aurten EAEko hiru lurraldeetako elkarteok. Jolasak izango dira eta, egungo egoerak uzten badu, ekitaldi politiko bat ere izango da, saharar ekintzaile ezagun eta preso ohi politiko baten eskutik, Saharararen alde lan egiten duten ordezkari politikoekin batera” azaldu du Amurizarek.

Horretaz gain, “haima” bat ipiniko dute Algortako Iñaki Deunaren jaietako egitarauaren barruan, besteak beste, uztailaren 9an eta 11n helduko diren saharar haurrentzat.

Gaiaren inguruko berriak:

Udan saharar umeak hartzeko kanpaina abian dago Getxon (2005 Api 21)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun