Ikasle eta abertzaleok selektibitateari ez!

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 9a, 14:35

Euskal ikasleon desnazionalizatze prozesuan, selektibitateak bere biziko papera jokatzen du. Finean, espainiar hezkuntzak bere betekizuna bete duen frogatzeko azken aukera da. Espainiar hizkuntza eta literatura, espainiar historia... ongi ikasi ditugun frogatzen dute hezkuntza agintariek selektibitatearen bidez, eta jakin ezean unibertsitatera joateko ateak ixten dizkigute. Selektibitatea beraz, espainiar curriculuma barneratzen dugula ziurtatzeko bitartekoa da; espainiar curriculumaren inspekzio zorrotza hain zuzen ere.

Ikuspegi pedagogiko batetik aztertuz gero, selektibitatea, azterketa sistemaren adibiderik larriena da: batxilergo osoan ikasitakoa hiru egunetan frogatzea exijitzen baitigute eta hori, ezinezkoa da. Urte osoko lana kontutan izan beharrean, azken eguneko memorizatzeko gaitasuna hartzen dute aintzakotzat, klaseko partehartzea, ikasleon kritikotasuna edota sormena bezalako gaitasunak erabat alboratuz. Eta honek traba selektibo bat dakar berarekin, unibertsitateko ikasketak burutzeko ikasleen sailkapena egiten baitu. Hiru egunetan burututako 8 azterketetan ateratzen dugun notaren arabera sailkatuko gaituzte, eta honen arabera karrera bat edo beste ikasteko aukera izango dugu. Hiru egunetako azterketa baten ondorioz ikasle andana goi mailako hezkuntzatik at gelditzen da.

Laburbilduz hau da ikasle eta abertzaleok selektibitateari egiten dizkiogun kritikak:

- Selektibitatea, euskal ikasleok eduki arrotzak barneratzen ditugula ziurtatzeko bitartekoa da.
- Selektibitatea, azterketa sistema basatiaren adierazpide gorena da.
- Selektibitatearen bidez, euskal ikasleon sailkapen injustua gauzatzen da.
- Selektibitatea traba administratibo eta politikoa bilakatzen da Euskal herri osoan zehar ikasi ahal izateko.

Unibertsitateetara sartzeko hautaprobak bai baxoa eta baita selektibitatea ere desagertarazi behar dira

Lau ikuspegi desberdinetatik aztertuta beraz, selektibitatea espainiar hezkuntza sistema arrotz, inposatu, antidemokratiko eta autoritarioaren froga garbiena da. Hau guztiagatik, euskal ikasleok ezin gaitezke geldi geratu. Bidegabekeri hauek salatzeko Ikasle Abertzaleak-ek lan bat eraman du aurrera azken urteetan zehar, honakoa exigituz:

- Unibertsitateetara sartzeko hautaprobak bai baxoa eta baita selektibitatea ere desagertarazi behar dira, euskal hezkuntza sarea zazpi herrialdeen eremuan askatasunez garatzeko.

Euskal Curriculumaren eraikuntzan une historikoa bizi dugun honetan, inoiz baino ozenago euskal curriculumaren beharra aldarrikatu behar dugu euskal ikasleok. Ze aukera aproposagorik espainiar curriculumaren inspekzio zorrotza burutzen denean baino? Euskal ikasleria euskal curriculum baten alde, traba selektiborik gabeko hezkuntza baten alde, balore aurrerakoietan eta ikasleen partehartzean oinarritutako hezkuntza baten alde atera behar da kalera. Finean gureak diren, eta salgai ez dauden eskubideen alde!

Ikasle Abertzaleak
http://www.ikasle-abertzaleak.org/
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun