Iazko leku bera izango dute Leioako Sanjuanetako txosnek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 9a, 20:57

Leioako Sanjuanak hasi baino aste batzuk lehenago txosnagunearen kokapena adostu dute Leioako Udalak eta Maritxu Teilagorri taldeak. Azkenean, Udalak proposatu zuen Lamiakoko hezegunea atzera bota dute bi erakundeek bertako baldintza higienikoak ez direlako batere onak. Bestalde, Maritxu Teilagorrik hasieratik aurkeztutako bost lekuetatik bat izan da aukeratua: iazko leku berbera, Mercedarias ikastetxearen atzekaldean. Hasieran Udalak iazko lekuan etxegintzako enpresa batek etxalde bat eraiki behar zuela jakinarazi eta Lamiakoko proposamena egin arren, Udala bera izan da, azken orduan, espedientea ikertu ostean, lanak ondoko zelaietan egin behar zirela argitu duena. Dena den, aurrerago bertan eraikitzeko asmoa dauka Udalak. (Argazkian, Maritxu Teilagorriren aurkezpena, maiatzaren 26an).

Alaitz Bilate eta Naroa Jauregizuria Maritxu Teilagorriko eledunek “pozik” hartu dute arazo honen konponbidea “adin guztientzako jai herrikoi, euskaldun, parte hartzaile eta ez sexistak burutzeko baldintza minimoak betetzen dituelako”. Era berean, Maritxu Teilagorrik abian jarritako jai herrikoien aldeko manifestua sinatu duten ehunka leioztarri eta dozenaka elkarteri eskertu diete “eman diguten babesa”.

Bestalde, Bilate eta Jauregizuriak gogoratu dutenez, lortutako akordioa baliagarria izango da 2005eko jai hauetan “lan egiteko, gozatzeko eta ondo pasatzeko”, baina “dagoeneko” Maritxu Teilagorri 2006rako kokagune berriak aztertzen ari da, “jai herrikoiak herrian egon behar direlako”.

Gaiaren inguruko berriak:

Maritxu Teilagorri jai herrikoien aldeko Leioako taldeak bere burua aurkeztu du (2005 Mai 26)

Txosnagunearen tokia zein izango den oraindik ez da ziurra (2005 Mai 13)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun