Imanol Garaik aipatu duenez, gaur egun, 12.000 biztanle inguru ditu Sopelak; baina kopuru hori nabarmen handitzen da udaldian. "Kanpotik etortzen diren guzti horiei ongi etorria modu egokian emateko ari da lanean Udala. Oinezkoentzako guneak eta berdeguneak egokitu dira, besteak beste", azaldu du. Atxabiril hondartzako sarbidean egindako lanak ere, "garapen jasangarria eta ingurumenaren babesa sustatzeko" tokiko gobernu taldeak hartutako konpromisoarekin lotu du Garaik. Horretan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean ari da Sopelako Udala. "Inguruan itsasertzeko parkea sortzeko Aldundiak proposatutakoarekin bat gatoz erabat. Horretaz gain, 35.000 metro koadroko Iturrieta Parkea ere zabaldu dugu, non kantabriar artadia berreskuratzea lortu den", jakinarazi du alkateak. Hala ere, "ekologikoki jasangarria den udalerria mantentzeko ahalegin horretan, herritarren eta ostalarien laguntza ere beharrezkoa da", gogoratu duenez.
Gai ugari
Imanol Garai alkatearekin batera; Ricardo Ibarra Komunikazio, Urbanismo, Turismo eta Ingurumen zinegotziak; Josu Landaluze Zerbitzuen eta Hiritarren Segurtasun saileko arduradunak; Gonzalo Garcia Ekonomia eta Ogasun zinegotziak eta Eukene Nuñez Hezkuntza eta Kultura arduradunak ere parte hartu dute gaur goizean Atxabiribil hondartzako sarbidean dagoen El Sitio tabernan egindako prentsaurrekoan. Besteak beste, hondartzen sarbideetan burutu diren lanen amaiera, legislatura erdiaren ebaluapena, hondartzen egoera bainu denboraldiaren hasieran, ISO 9001 y 140001 Ziurtagiria, TAO zerbitzuaren hasiera, Sopel-bus (metro geltokiak eta hondartzak lotzen dituen udal autobusa), 2005 Txopel Sarien deialdia, Turismo Bulegoko lehenengo urteurrena, Gazteen Informazio Bulegoaren sorrera, web orrialdearen nobedadeak (www.sopelana.net)... dira jorratu dituzten gaiak.