Sopelan asteazkenetik aurrera egongo da indarrean TAO

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 10a, 22:10

Apirilaren 21eko udalbatzarrean onartu bezala, ekainaren 15etik aurrera egongo da indarrean, Sopelan Trafikoa eta Aparkatzea arautzen duen Ordenantza (TAO). Hain zuzen ere, bainu denboraldia hasten den egun berean. Josu Landaluze Zerbitzu eta Hiritarren Segurtasun zinegotziaren hitzetan, "Kotxea aparkatuta zegoen denbora kontutan hartu gabe, diru kopuru zehatza kobratzeagatik igaz jasotako kexei erantzuna emateko hartu dugu TAO ezartzeko erabakia. Neurririk egokiena dena uste dugu, denboraren arabera ordaindu beharko baita".

Besteak beste, TAO hiru eremu ezarri dira: "horia" hondartzeko parkingetan, "urdina" Sopela eta Larrabasterrako herriguneetan eta "berdea" Larrabasterrako metro geltoki alboko kalean. Horretaz gain, TAO eremuetan aparkatu nahi ez dutenentzat, doako hiru aparkaleku jarri dituzte: horietatik bi metro geltokietatik hurbil, eta hirugarrena San Pedro eliza aurrean. "Hasiera batean sopeloztarrak neurriarekin pozik egongo ez direla badakigun arren, erabakirik egokiena dela uste dugu. Aparkatzeko lekuak beteta daude udalerrian; TAOk arazoa konpontzen lagunduko du", adierazi du Landaluzek.

Ordutegia eta bizilagun txartela

TAO zerbitzua 9:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara egongo da indarrean, astelehenetik ostiralera, eta goizeko ordutegian baino ez larunbatetan. TAO horiari dagokionez (hondartzetako parkingak), 10:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da ordutegia aste osoan. Beste alde batetik, bizilagun txartela lortzeko eskatzailearen helbidea eta gida-baimenean agertzen dena berbera izan beharko dira. Txartelak 30 euro balioko du.

Prezioak

Eremu horian (hondartzetako parkingak) 0,30 euro eman beharko da ordu erdiko, autoa uzteagatik, lau orduko denbora epea bete bitartean. Bost eurokoa izango da ordutik aurrerako prezioa (10 ordu egin arte). Eremu urdinean (Sopela eta Larrabasterrako herriguneak), berriz, 0,25 euro ordaindu beharko da ordu erdiko, bi orduko denbora epea bete arte; ordutik aurrera euro erdi 30 minutuko, gehienez, hiru ordutako mugarekin. Azkenik, eremu berdean (Larrabasterrako metro geltoki alboko kalea) bi salneurri baino ez dira egongo: 1,80 euro / lau ordu eta 3 euro zortzi ordu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun