Uribe Kostako Korridorearen 3. zatiaren lanak
Duela hilabete batzuk hasi ziren korridorearen 3. zatiaren lanak eta lurraren zauriak agerian daude. Lur mugimendu handiak, mendi eta basoen suntsitzea eta nire udalerriari, Getxori dagokionez, Kandelu errekaren desbideratze eta porlanezko hodietan ilunperatzeko lanak egiten ari dira.
Mimenagako biribilgunearen gainean eraikitzen ari den zubia eta sistema osoari dagozkion lotuneak hesi erraldoia izango dira bi aldeen artean. Asfaltoaren azpian geratuko da Kandelu. Gobela ibaiak, oinezkoek eta txirrindulariek, 2. zatiarekin jadanik egina zegoen porlanezko plataforma itogarriaren azpian zabaldutako zulotik zeharkatu behar dugu autobidea alde batetik bestera.
3. zati honen bukaera aldean, Berangon eta Sopelatik gertu izaten ari dira lanik handienak. Lanak amaituta inbutua eta auto ilarak bertan sortuko dira, hurrengo autobide zatien zain. Adar hauetako bat Barinatxe eta Arrietara hondartzen artean dagoen aparkalekura abiatuko da. Aparkalekuaren 5ko saria ordainduko duenarentzat, -iazko udatik Sopelako udala kobratzen hasi dena-, autobidez hondartzarako sarbide zuzena.
Korridorea eta Lurralde Plan Partziala
Bilbao Metropoliaren Lurralde Plan Partzialaren tramitazioa azkartzen ari dira Foru Aldundiko agintariak. Apartheida baliatuz ezker abertzalearen ahots kritikoa Batzar Nagusietan entzun gabe eta aktetan jaso gabe, lurralde plana indarrean nahi dute hurrengo agintaldia hasi aurretik.
Plan honetako memorian Uribe Kostako urbanizatze trinkoa metroari aipamena eginez azaltzen da. Garraio azpiegitura hau etenik gabeko urbanizatzerako ardatz bezala definitzen da, aipatu gabe utziz Uribe Kostako korridorea eta errepideek osatuko dutela garraio sare nagusia, metroari bigarren mailako zerbitzua utziz.
Baieztapen honetarako egitate bi dut oinarri:
- Lurralde Plan Partziala LPP edo PTP izenekoan Uribe Kostako etenik gabeko urbanizatze trinkoa metroaren bidetik aldenduz Barrikaraino hedatzen da.
- Metroak zeharkatzen dituen udalerrietan dentsitate handiko urbanizatzeak metro geltokietatik urrun ere proposatzen dira.
Korridorearen 3. zatia ez ari da egiten Berango aldean egunero sortzen diren auto ilarak arintzeko, Getxo, Berango eta Sopelako urbanizatze planak aurrera atera ahal izateko baizik. Uribe Kostako korridorea eta etenik gabeko urbanizatze trinkoa pakete berean doaz.
Korridorea, LPP eta aztarna ekologikoa
Porlana lurra irensten ari da etengabe Uribe Kostan eta korridorearen bitartez hurrengo asaltoetarako prestatzen ari da bidea. Batek pentsa dezake Bizkaiko edo gutxienez goian aipatutako Lurralde Plan Partzialaren eremuan populazioa izugarri handitzen ari dela, baina azken hogei urteotako demografia datuek ez dute populazio hazkunderik erakusten eta datozen hamabost edo hogei urtetarako ikerketen arabera Bilbao metropolia eta bere eremuko populazioa orain dagoen biztanle kopuru berdintsuan mantenduko da murrizteko joera izango badu ere.
Administrazio autonomikoaren ingurugiro sailetik aztarna ekologikoari buruzko informazioa igorri zaigu etxeetara. Horren arabera jakin behar genuke hamabost urte barru jende kopuru bera izanik kolonizatuko dugun lur eremua %50ean handitzen badugu, bataz beste norberaren aztarna ekologikoa ere nabarmenki handituko dela. Horri gehitzen badiogu garraio azpiegitura nagusia autobidea izango dela eta ondorioz autoz egingo direla joan etorri gehien gehienak, planetarekiko harremanean izango dugun joera gero eta jasangaitzagoa ezin izango dute urteroko egutegi berdeek edo bestelako kontzientziatze kanpainek aldatu.
Uribe Kostak bestelako etorkizuna merezi du
Eta proposatzen diguten eredu oro irensle eta insolidarioa arbuiatzen dugunok ere bai. Autobidearen ereduak ez digu soilik lurrarekiko zorra handitzen. Bizimodu, kultura eta jendartearekiko harremanak ere eraldatu egiten ditu eta ez onerako. Porlanaren hedatzea ekidin ezineko etorkizuna ez dela ikusi eta erakutsi behar diogu jendeari. Hemen eta han zenbat galtzen ari garen eta zer gutxi irabazi. Beste mundu bat posible eta beharrezkoa dela eta beste mundua hemen bertan gurean egiten hasi behar garela.