Gure herrian (Getxori buruz ari naiz) horrela sentitu dugu askok udaberria. Orain hain gazteak ez gara, baina gure sentipen hori egun batean seme-alabek ere senti dezaten gura genuke. Baina zer izango dute inguruan?. Sasoi eder hori natura alboan dutela gozatuko ote dute?. Non behar dute jolastu edo maitatu?. Non ezkutatuko dira begi zelatarietatik?.
Inguruari begiratu beharra baino ez dugu: Lehengo landa asko desagertu egin dira, eta horien lekuan etxegile eta gobernarien diru egarria asetzeko egin diren etxeak eta txaletak ditugu nagusi. Muru, Zollo, Sarri, Ormaza eta herrian zehar egon diren hainbat gune berde eta ezkutu desagertu zaizkigu, eta nork daki geratzen diren beste guztiei egun batean ez ote dieten heriotza zigorrik emango. Buru maltzur batzuek, behintzat, hori da duten helburua. Izan ere, buru maltzur horiek landa edo baso bat ikusten den lekuan, urbanizazio edo merkatal gune berri bat ikusten dute. Eta zergatik ez? esango digute. Aurrerapenean pentsatu behar dugu, etxe eta kale berriak eginik bizi-kalitatea hobetuko da eta herri moderno bat sortuko dugu. Horren aurka zerbait esatea irrelebantea eta atzerakoia da eta horren aurka zerbait egitea delitu; hori iraganari lotuta bizi diren basapizti buru-itxien jokaera da.
Aurrerapena eta bizi-kalitatearen izenean etxeak, urbanizazioak, kaleak... eginez doaz, hori bai, horien alboetan gune berde batzuk ere utziz (nork esan du, bada, naturaren kontra daudela?). Baratze eta parke batzuk izango ditugu, baina berorietan udaberriaren usain sarkor eta atsegin hori ez dugu somatuko, horren ordez bizilagun berrien txakurren kakaren usain sarkorra nagusituko delako. Badaezpada ere, gune berde berri horietan sartu barik asfaltodun bideetatik ibil gaitezen, baratze horietan mina bat zapaldu eta oinetakoak zikin joan gura ez badugu. Gure umeek behintzat ondo ikasita dute hori, istripu bat baino gehiago izan dutelako.
Batzuen bizi-kalitatea besteon hondamena
Bistan dago, beraz, batzuen bizi-kalitatea besteon hondamena dena. Gure inguruetan gero eta leku publiko eta ezkutu gutxiago dugu jolasteko, maitatzeko... gura duguna egiteko. Anaia handiaren begi zelataria gero eta leku gehiagotan sartzen ari zaigu; osasuntsu eta kalitatez bizitzeko beharrezkoa den eremu publiko hori (begi zelatari horretatik eta kontsumo guneetatik aparte samar) ez ei da interesgarria eta ez ei du dirurik ematen.
Getxotar (eta ez andra maritar orain modan jarri den legez) askok leku ezkutu horiek mantendu gura ditugu, udaberriaren usain eta irudi horiek barne. Baratze bat gura dugu, baratze publiko eta handi bat non inongo diru egarridun merkatari maltzurrak etekina ateratzeko muturra sartuko ez duen. Guretzat gera dadila baratze publikoa, eta Buru Argi horiei baratze pribatua opa diet, baina euren txakurren kaka eta miseria guztiak bertan ondo barreiaturik daudela.
Eta bukatzeko: Torrebarria bizirik iraungo du!.