Goizeko 13:00etan deituta bazegoen ere, 13:45ak arte ez da hasi M.G.M.-ren deklarazioa. Konfiantzako abokatuaz lagunduta, eta kanpoan 30 lagun kontzentrazioan sostegantzen zutela, gaztea hiru ordu laurden aritu da epailearen galderak erantzuten. UKBERRI.NETek jakin duenez, argazkiz ondo hornitutako sumarioko kontuen artean sei izan dira epaileak gaur miatutako gaiak: gazteak Mecanica de la Peñara nondik sartu ziren; kanpoko hesiak nork apurtu zituen; Ertzaintzako Brigada Higikorreko kide batek salatutako lesioak nork eragin zituen; Igeltzera industrialdeko tailer baten kristala zelan apurtu zen; zer motako jarduerak egiten ziren gaztetxean; eta, azkenik, nor zen gaztetxeko arduraduna.
Igeltserako "arduraduna"
Gaur deklaratu duen inputatuak Justizia jauregiko kanpoaldean esandakoaren arabera, epailearen aurrean kalte materialik edo fisikorik eragin izana ezeztatu du eta bai atea bai hesia irekita zeudela deklaratu du. Horrela, gogoratu du bertako langile batek atea giltzapean jartzea ez zuela merezi esan ziela gaizkileek giltzarrapoak maiz apurtzen zituztelako. Bestalde, tailerraren kristala Ertzaintzak apurtu zuela esan du, eta beltzek hainbat jende jipoitu zutela baina inork ez ziela erantzun, ezintasunez. M.G.M.-k aipatu du bera kolpatu zutela beste lagun bati ez jipoitzeko eskatzeagatik. Bestalde, eraikinaren barruan egindakoari buruz, gazteak azaldu du Tai Txi eta zur-lanketa tailerretan parte hartzen zuela. Azkenik, M.G.M.-k ukatu du arduraduna izatea eta gogoratu du gaztetxeen funtzionamendua asanblearioa dela eta Igeltseran ehunka gaztek parte hartzen zuela.
Gaiaren inguruko berriak:
Euskal Bizikletan protestaldia burutu du Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak (2005 Eka 01)
Igeltsera gaztetxean egindako lana Sopelan kaleratu du SUGAk (2005 Mai 28)
Arartekoak Igeltsera gaztetxearen auzia ikertuko du (2005 Mai 28)