Otsaileko Udal Batzarrean zarama tasaren %86ko igoera lotsagarria onartu zuen Getxoko Udalak. Igoera indarrean da, baina zabortegia itxi eta hondakinak Getxotik Zabalgarbiren errauskailura eramateko esleipena onartu arte ez digute oraindik kobratuko. Zarama tasaren igoera honez gain, indarrean dira azaroan onartu zituzten beste tasa igoerak, hala nola estolderia tasa edo Fadura eta kirol instalazioak erabiltzeko ordaindu behar ditugunak.
Getxo Biziako kideok oso kezkatuta gaude, tasa igoeren politika honek zerbitzu publikoen izaera soziala zeharo desegiten duelako, jende askoren bazterketa eragiten duelako eta oro har hiriguneetan kokatuta dauden denda eta aktibitate komertzial txikiak kaltetzen dituelako.
Honengatik guztiagatik zarama tasaren %86ko igoera gure fakturetan ikusi aurretik eta hurrengo igoeren berri izan arte itxaron gabe, udal tasen jeitsieraren aldeko ekimenak abian jarri behar direla uste dugu.