Lexarreta zubi berria inauguratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 14a, 16:31

Ekainaren 10etik, hau da, joan den ostiraletik auto eta oinezkoentzat zabalik zegoen arren, gaur goizean inauguratu dute ofizialki Lexarreta zubia. Eusko Jaurlaritzak sustaturiko Gobela erreka bideratu eta zabaltzeko egitasmoaren barruan, hestuagoa zen eta denboraren eraginez egoera txarrean zegoen zubi zaharra ordeztatu du azpiegitura berriak. "Neguri, Larrañazubi eta Bolueko padura lotzen dituen zubia berriak, inguruetan uholde arriskua gutxituko du eta, errekaren bi aldeen artean, oinezkoen eta autoen joan-etorriak hobetuko ditu", Andres Uriarte Getxoko Udaleko Hirigintza zinegotziak adierazi duenez. “Lan honekin Larrañazubiko sarbideen auziari konponbidea eman diogu, oso egoera txarrean baitzeuden. Orain bide bikoitza dago eta Fadurako frontoien esparruan bide bakarra: Hortaz, inguruko auzoak ondo komunikaturik geratzen dira”, gaineratu du udal ordezkariak. Gerora, espaloiak Larrañazubi ikastetxeraino luzatzea aurrikusten du Udalak, "eskola-umeek inolako arazorik gabe ibil daitezen errepidearen ondotik". Zabortegirako joan-etorriak egiten dituzten kamioiek ere errazago izango dute bertatik ibiltzea Uriarteren hitzetan.

Zubia berriak goragune txikia eta 8 metro zabalerako bidea du; albo bietako espaloiak 2 metrokoak dira. Gainera, ibaiaren ibilgua behin-behineko eran egokituko da, 60 zentimetroko lodierako harri lubetarekin eta landare-lurra jarriz gainean. Zubia eta ibaiaren egungo ibilguaren arteko altuera, alderik baxuenean, 9 metrokoa da eta 19 metroko argiunea du, azpitik Gobelako urak garbi doazela.

Beranduago eta garestiago

Egitasmoak "atzerapen txikia" izan zuen azken orduan, Uriartek azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritzak agindutako aldaketak zirela-eta, Gobela bideratzeko lanak egiten ari zelako". Aldaketa horien ondorioz, zubia egiteko lanen ardura zuen enpresak aldez aurretik erabakitako kokapena aldatu behar izan zuen, zubia bost metro gorago eramanez.

Errekaren hondoan dagoen harri guztia maila berean ez dagoenez, zubiko zutabeak ere aldatu behar izan ziren, baita argindar hainbat klabe ere. Halaber, zubiaren bi aldeetan dauden guneak urbanizatzeko proiektua berritu behar izan zuten zubia lekuz aldatzeagatik. "Guzti horrek aurrekontua ere aldarazi du eta 186.000 euro inguru gehiago ipini behar izan ditu Getxoko Udalak", jakinarazi du Hirigintza zinegotziak. Guztira 658.000 eurotik gorako kostua izan dute lanek. 2004ko abuztuan hasi ziren eta 10 hilabeteko iraupena izan dute.

Gaiaren inguruko berriak:

Datorren urte hasierarako egongo da Ereaga eta Maria Kristina arteko igogailua (2004 Api 01))

Lexarreta zubia egokitzeko lanak egingo dituzte (2003 Aza 14)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun