Irantzu Gallastegiren estradizioaren aurkako manifestazioa egingo dute arratsaldean Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 14a, 19:28

Irantzu Gallastegi Soduperen estradizioa salatzeko manifestazioa deitu du arratsaldeko 20:00etarako Berangoko amnistiaren aldeko mugimenduak. Hitzordua Berangoko Gudarien enparantzan izango da, “Euskaldunok Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidearen alde” lemapean. Dagoeneko Irantzu Gallastegi Espainiako Auzitegi Nagusian dago. Goizeko 11ak aldera, Frantziako segurtasunen indarretako kideek Barajaseko aireportuan Espainiako Polizia Nazioanalaren eskuetan utzi dute Gallastegi eta poliziek zuzenean Madrilgo epaitegi berezira eraman dute bertako 5. aretoan deklaratzeko.

Irantzu Gallastegi preso berangoztarrak herenegun, igandea, amaitu zuen Frantziako Estatuan betetzen ari zen espetxe zigorra eta gaur estraditatu dute Madrilera Frantziako Fleury Merogiseko (Paris) espetxetik.

Irantzu Gallastegik 1994ko azaroan ihes egin zuen, Bizkaia komandoko hainbat kide atxilotu zituztenen garaian, eta 1999ko martxoaren 9an atxilotu zuen Frantziako Poliziak Parisen. Geroago, aldi baterako Espainiako Justiziaren esku utzi zuen Frantziakoak Gallastegi, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketa egiteko. 2003an, berriz ere Frantziara eraman zuten, gelditzen zitzaion espetxe zigorra han betetzeko. Zigor hura osorik bete ostean estraditatu dute.

Espainiako Justiziak, besteak beste, 1993 eta 1999 bitartean Bizkaia eta Donostia komandoetan aritu izana eta Fernando Mugica Herzog abokatua eta Miguel Angel Blanco Ermuako zinegotzi popularraren heriotzetan parte hartu izana leporatzen dizkio. Guztira, EFE agentziak zabaldu duenez, zortzi dira Gallastegiren kontra zabalik dauden auziak Espainiako Auzitegi Nagusiko bost aretotan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun