Akordio Soziopolitikoa 2004ko azaroan sinatu zuten euskararen normalizazioa bultzatzeko xedearekin. "Hitzarmena sinatu genuenetik 12 sinatzaileok datozen urteotarako funtzionamenduaren oinarriak jartzen ahalegindu gara", azaldu du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek.
Lehentasunak
"Orain arte egin ditugun lanak positiboki baloratzen ditugu, eta gure arteko harremanak sendotzeaz gain, aurrera begira elkarrekin egin dezakegunak itxaropen handia piztu digu", gaineratu du Mendigurenek. Euskararen egoera gainditzeko lehentasunak adostu dituzte, arlo garrantzitsuenak kontutan izanik:
- Indarrean dagoen legedia aztertu eta egokitzea Udal ordenantzei arreta berezia jarriz.
- Hezkuntza eta Unibertsitatea euskalduntzea ereduak gainditzeko helburua ardatzatzat hartuta.
- Lan mundua euskalduntzeko pausoak ematea eragile nagusiak fundazio baten inguruan biltzeko.
- Komunikabideak eta kultur jarduna euskalduntzeko diskriminazio positiborako neurriak ezartzea telebista lokalaren auzian arreta berezia jarriz.
- Euskalgintzaren kontra izandako erasoek egindako kalteak arintzea.
- Erasoek eragindako egoeraren berri nazioartean ematea.
Proposamenak
"Helburuak betetzeko proposamen politiko eta sozialak sortuko ditugu", azaldu du Kontseiluko ordezkariak. Honakoak adierazi dituzte, besteak beste:
- Ordenantza eredugarriak adostu eta Udaletan aurkeztea eztabaida daitezen.
- Euskalduntzea lortuko duen ereduaren ezaugarri pedagogikoak zehaztea.
- Lan munduaren euskalduntzea ahalbidetuko duen fundazioa sortzeko beharrezko lanak egitea.
- Hedabideetan euskararen presentzia areagotzeko kuota sistema baten proposamen politikoa osatzea.
- Euskalgintzak pairatutako kalteak kuantifikatzea
- Euskalgintzarekin gertatutakoa nazioartera zabaltzeko plangintza garatzea.
Hamabi eragile horiek aurrerantzean egin beharrekoa zehazteaz gain, falta diren alderdi politiko eta sindikatuei dei egin diete "gurekin bat egin eta bidea elkarrekin egin dezagun".