Irantzu Gallastegiren estradizioa salatu dute Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 14a, 23:57

Hirurogei bat lagun hurreratu dira arratsaldean Berangoko Gudarien enparantzara, gaur goizean herri horretako alaba den Irantzu Gallastegi Sodupe Frantziatik Espainiara estraditatu izana gaitzesteko. Preso berangoztarrak herenegun, igandea, amaitu zuen betetzen ari zen espetxe zigorra, hala ere, "estradizioa hiru bat astetara gertatzea" espero zen, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. "Gaur goizean jakin dugu Fleury Merogisetik (Paris) atera eta Madrilera bidean zihoala", azaldu du errepresioaren aurkako erakundeko kideetako batek. Espainiako Auzitegi Nagusian zegoela, berriz, bertan zeuden hainbat lagunen ahotik jakin dute, "bere fardela bertan zegoelako". Deklaratzen amaitutakoan abisatuko ziela ere adierazi die abokatuak, baina manifestazioa amaitutakoan Berangon ez zeukaten oraindik horren berri. Auzitegi nagusitik Soto del Real espetxera eramango dutela uste dute Amnistiaren Aldeko Mugimendukoek, "aurrekoetan horrela gertatu baita".

Jendea bildu bitartean, hamabost bat minutuko elkarretaratzea egin dute errepide parean, Irantzu Gallastegi euskal preso berangoztarraren estradizioa salatzeko Gudarien plazan bildutako senide eta lagunek. Ondoren, "Estradizioari stop!" irakur zitekeen pankarta atzean, inguruko kaleetan zehar abiatu dira. Gutxi gora behera, ordu laurden iraun duen manifestazioan, "Amnistiarik gabe bakerik ez" eta "Ez, ez, ez, estradiziorik ez" bota dituzte, besteak beste, protestara batutakoek; baita euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko oihuak ere. Behin manifestazioa bukatuta, trafikoa denbora laburrez moztu bitartean, Gallastegiren egoeraren berri eman du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide batek. Hala ere, hedabideetan plazaratutakoa baino askoz informazio gehiago ematerik ez du izan, Madriletik deia jaso zain daudelako. Azkenik, "Eusko Gudariak" abestuta amaitu da protesta.

Gaiaren inguruko berriak:

Irantzu Gallastegiren estradizioaren aurkako manifestazioa egingo dute arratsaldean Berangon

Irantzu Gallastegi gaur estraditatuko dute
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun