Botradeko langileek greba egingo dute astelehenetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 15a, 20:59

Berangoko Botrade enpresako langileek txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak egingo dituzte egunero, ekainaren 20tik 28ra bitartean, "2005erako itun soziolaborala negoziatzeko enpresak duen borondate falta" salatzeko asmoz. CCOO sindikatuak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez, enpresaren eskaintza "aho batez" errefusatu dute langileek, eta "mobilizazioak biziagotzeko prest" daudela ohartarazi du.

Sindikatuak ziurtatu du zuzendaritzaren eskaintza %2ko soldata-igoerara "mugatzen" dela, KPI errealaren bermearekin. Langileek "guztiz" errefusatu dute eskaintza hori eta, beraz, aho batez onartu dute greba deitzea.

"Neurri honek ez badu enpresaren aldetik beharrezkoa den gogoeta eta jarrera aldaketa, langileak prest daude mobilizazioak biziagotzeko", ohartarazi du CCOOk.Telefonicatik datozen material metalikoak –kobrea nagusiki– eta beste zenbait produktu birziklatzera dedikatzen den Berangoko enpresak 55 langile ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun