Yosemite Parke Nazionala San Frantziskotik 320 bat kilometrora dago. 3.000 kilometro koadroko azalera du, baita munduko haranik ederrenetako bat ere. Granito hutsezko hormek 1.000 metrotan egiten dute gora alde bakoitzean. Hain zuzen ere, horma horietako bitan eskalatuko dute bi neska getxoztarrek, uztailean eta abuztuan.
Hain zuzen ere, Miren Gurutze Marcosek gaur emandako prentsaurrekoan esan duenez, era honetako eskaladaren zailtasunik handiena granitozko hormen luzera da. Bertan lo egin behar dugunez kordadaren zama askoz handiagoa da, material gehiago eraman behar dugulako. Gainera bideak markatu barik daude.
Curriculum oparoa
Larraitz Unzetabarrenetxea eta Miren Gurutze Marcosek igoera handi ugari egin dituzte jada, hala nola, Jorasse Handietako Walker muturra, Frantziako Alpeetan; Cima Grande di Lavaredo, Italiako Dolomitetan; Rabadá-Navarro, Naranjo de Bulnesen, Asturiasen; edo El zulú demente, Mallos de Riglosen, Hueskan.
Getxoko Udalak proiektu honen zati bat finantzatzeko bi arrazoi ditu, Imanol Landa Getxoko Udaleko Gazteria zinegotziak azaldu duenez. "Batetik, bi emakumek prestatutako egitasmoa dela aipatu behar da, eta eskaladan beste kirol askotan bezalaxe erreferentziarik gehienak gizonezkoenak dira. Halaber, kontuan izan behar da bide hauek egiten dituzten Bizkaiko emakumezkoen lehen kordada izateko asmoa dutela. Eta, bestetik, udalerriko bi gaztek egingo duten konpromiso handiko egitasmoa da, zehaztu du udal ordezkariak.
Getxoko Udaleko Kultura eta Kirola eta Gazteria arloek 1.700 euroko dirulaguntza eman diete 27 urteko Larraitz Unzetabarrenetxea eta 25 urteko Miren Gurutze Marcos getxotarrei Ameriketako Estatu Batuetan dagoen Yosemite Parke Naturalean zailtasun handiko hiru igoera egiteko, uztailaren 5etik abuztuaren 28ra bitartean. Guztira 5.000 euroko aurrekontua du egitasmoak. Eskalatzaile gazte bi hauek ospe handiko hiru bide bukatzen dituen Bizkaiko lehenbiziko emakume-kordada izatea lortu nahi dute. Half Dome mendiko Regular Northwest Face (argazkian) eta Capitan gailurreko The Nose eta Salathe aldeak igotzen saiatuko dira.