Bertso modalitate ikusgarri honetan, parte hartzen duten bi bertsolariek balkoi banatik botatzen dituzte euren bertsoak, 1802an Tolosan hasi zen tradizioa berpizteko asmoz. Oraingo honetan, ekitaldi honen zortzigarren edizioa izango da Getxon, 1998 urtean Algortako San Nikolas Plazan lehenengo aldiz ospatu zenetik, publikoaren erantzuna apartekoa izan zelarik.
Ohi bezala, bertso modalitate mota hau oso berezia denez, saioa iluntzean hasiko da. Ekitaldiaren erakargarritasuna indartzeko argitazpen berezia jarriko da Algortako Portu Zaharrean. Bertan, ikus-entzuleek bi bertsolari gazte eta gailenen bertsoez gozatu ahal izango dute.