Jabier Gallaga birritan epaituko dute gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 17a, 03:14

Jabier Gallaga Ruiz preso algortarra birritan epaituko dute gaur, ostirala, Madrilen Espainiako Auzitegi Nazionalaren Lehenengo Aretoan. ETAko Andaluzia komandoan aritu zelakoan 1997ko hiru ekintzengatik epaituko dute Gallaga. Lehenengo epaiketan, 10:30ean hasiko dena, 20 urteko espetxe zigorra eskatzen du Ignacio Gordillo fiskalak, zortzi elektrizitate dorretxo lehertu zituelakoan. Bigarren epaiketan Estatuko Fiskaltzak beste 18 urteko espetxe zigorra eskatzen du Gallagarentzat, Francisco Camacho Garcia Granadako kartzela funtzionarioaren kontrako gizahilketa saiatu zuelakoan. Gallagak 45 urte ditu.

Jabier Gallaga Ruiz, Lasarten jaioa eta gurasoak Algortan dituena, Asier Ormazabal Lizeaga eta Jose Luis ‘Txetxu’ Barrios Martinekin batera aritu zen Andaluzia komandoan Gordillo fiskalaren arabera. Hori dela-eta Fiskaltzak bi euskal preso horiek lekuko gisa eramango ditu bi epaiketetara, presoa ere den Mikel Azurmendirekin batera.

9.000 euro, 20 urte

Lehenengo epaiketan, Jabier Gallagari bi ekintza leporatzen dizkiote. Alde batetik, 1997ko apirilaren 18an lehertutako zortzi elektrizitate dorretxo eztanda egitea, eta bestetik, Madril eta Sevilla artean ETAren izenean iragarritako eta eztanda egin gabe topatu ez den lehergailuarekin harremanik izatea. Dorretxoak Compañia Sevillana de Electricidad enpresarenak ziren eta Santiponce de Sevilla eta Valencina herrietan daude. Lehergailuek ez zituzten dorretxoak bota eta 9.088 euroko kalteak baino ez zituzten eragin. Egun berean, ETAren izenean berba egiten zuela esan zuen pertsona batek Espainia mailako bi hedabideetara deitu zuen eta Madril-Sevilla Abiadura Handiko Trenaren ibilbidean lehergailu bat jarri izanaren abisua eman zuen. Gordillo fiskalaren arabera, Ormazabal eta Barriosek leherkaria jarri zuten eta Gallaga autoz garraiatu zituen. Fiskalak berak onartzen du lehergailua ez zuela eztandarik egin eta, gainera, ez dela aurkitu. Epaiketa horretan 20 urteko espetxe zigorra eskatzen diote Jabier Gallagari.

Gizahilketa saiakera

Bigarren auzian, 1997ko uztailaren 3an Granadako Francisco Camacho García kartzela funtzionarioaren autoaren barruan kloratitaz betetako lehergailua jarri zuelakoan epaituko dute Jabier Gallaga. Camachok leherkaria ikusi zuen eta Poliziak autoa lehertu zuen. Epaiketa honetarako ere Barrios, Ormazabal eta Azurmendi euskal presoak eramango dituzte lekuko gisa. Gizahilketa terrorista saiatu izanagatik Gordillok ia 20 urteko espetxe zigorra eskatzen du, 17 urte Etengabe Uribe Kostako amnistiaren aldeko mugimenduko bitakoraren arabera eta 18 urte informazio agentzien arabera.

Jabier Gallaga 1997ko azaroaren 26an atxilotu zuten Pluzunet herrian (Bretainia) eta Justizia frantsesak jarritako zigorra bete ondoren 2004ko abenduaren 13an estraditatu zuten Espainiara.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun