Getxo eta Goiherri senidetzeko II. Igeriketa Txapelketa izango da larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 17a, 09:15

Bihar, larunbata, goizeko 10:00etatik aurrera, “Getxo eta Gipuzkoako Goiherriko Beasain, Ordizia eta Lazkaoren arteko senidetzea” lelopeko II. Igeriketa Txapelketa izango da Fadurako Udal Hiri Kiroldegiko igerilekuan, Fadurako Igeriketa Klubak antolatuta. Probetan 8 eta 24 urte arteko 110 kirolarik hartuko dute parte goiz osoan zehar. Parte hartzaileek Faduran bertan egingo dute senidetze-bazkaria. Arratsaldean, berriz, finalak eta sari banaketa egingo dituzte.

Senidetzea

Oraingoan Angeluk parte hartzerik izan ez badu ere, II. Igeriketa Txapelketa Getxo, Beasain, Ordizia, Lazkao eta Angeluko udalerriek sinatuta duten adiskidetze-hitzarmenaren barruan kokatzen da.. Ekimen honen helburua “kirol, hezkuntza, kultur eta gizarte alorretako trukeen edo lankidetza proiektuen bitartez udalerri hauetako herritarren eta elkarteen arteko harremanak bultzatzea da” Imanol Landa, Presidentzia arloko zinegotziak atzo adierazi zuenez. Mota hauetako ekimenak egin nahi dituzten elkarteak gonbidatu zituen Imanol Landak Getxoko Udalarekin harremanetan ipintzera, honek proposamenak aztertu eta horrela erabakiz gero, koordinatu eta diruz lagunduko dituelako.

Bestalde, Jose Felix Ramsden Fadurako Igeriketa Klubeko buruak aipatu zuenez, “Fadura eta Goiherriko taldeak zazpi mailetan lehiatuko dira –gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat– eta maila nagusietan Estatuko eta nazioarteko mailetako kirolariak izango dira”.

Txapelketaren aurrekontua 5.000 eurokoa da. Getxoko Udalak 4.000 euroko dirulaguntza eman du eta gainontzekoa parte hartzen duten beste udalerriek, hau da, Beasainek, Ordiziak eta Lazkaok ipini dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun