Txakolin eguna ospatuko dute igandean Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 17a, 19:37

Ekainaren 19an, goizean zehar, V. Txakolin Egunak hartuko du Berangoko Sabino Arana kalea. Gauzak horrela, azken hatsa ematen ari dira dagoeneko, maiatza eta ekainean herriko bazterrak kirol, antzerki, dantza, gastronomia eta musikaz bete dituzten Kultur Jardunaldiak. Datorren urtea iritsi bitartean, hurrengo astekoak izango dira egitasmoko azken jarduerak.

Besteak beste, entzunaldia eskainiko du Musika Eskolak, ekainaren 24an, 18:00etatik aurrera. Kultur etxean izango da saioa. Amaitzeko, Berangoko Adagio taldearen balet ikuskizuna egongo da igande horretan, Algortako Getxo Antzokian, 19:00etan.

San Juan sua eta Errenazimenduko merkatua

Hala ere, Kultur Jardueren amaierakoak ez dira Berango datorren asteburuan egongo diren ekitaldi bakarrak izango. San Juan bezperarako (ekainak 23) haur parkea antolatu dute eskolan, 17:00etatik 20:00etara. Jarraian kalejira egingo dute Lantzarte auzoraino eta bertan txokolatada, sua eta txahal-pintxoak egongo dira. Hurrengo larunbat eta igandean, berriz, ekitaldiz gainezka datorren Errenazimenduko merkatua- Urrezko mendea ikuskizuna egingo dute Moreaga parkean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun