Goizean zabaldu dute Ereagako igogailua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 17a, 22:05

Algortako Ereaga hondartza eta Maria Cristina parkea lotzen dituen igogailua gaur goizean ipini da martxan, ohorezko aurrezkua eta, holakoetan ohikoa denez, udal agintariek zinta ebaki ostean. “Algorta eta Getxoko bizilagunek; batez ere, adinekoek, elbarrituek eta ume-kotxeak erabiltzen dituzten gurasoek askotan eskatu dute Ereaga jaisteko igogailua eta, gaurtik aurrera, errazago joan ahal izango dira hondartza inguruetara paseatzera. Getxoko Irisgarritasun Egitasmoaren barruan urrats handi bat eman da”, nabarmendu dute Iñaki Zarraoa alkateak eta Andres Uriarte Hirigintza zinegotziak. Zerbitzu berria sustatzeko asmoz, gaurtik ekainaren 21era arte, ez da ordaindu behar izango berau erabiltzeagatik.

Igogailua erabil dezaketen lagun kopuruaren gainean egindako lehen ikerketek urtean 250.000 izan zitezkela zioten arren, 80.000 erabiltzailera iristea lorpen handia litzateke, Zarraoaren ustez.”Edozelan ere, era honetako azpiegituretan, gizarterako errentagarria izateak du lehentasuna, ekonomiaren gainetik”, aipatu du udal agintariak. Horrekin batera, horren osagarri izateko, Punta Begoña aldean beste igogailu bat ipiniko dutela aurreratu du, hotela egin asmo baitute bertan. Algortako Portu Zaharreko eskailera neketsuak gainditzeko ere sistemaren bat ipintzea aztertzen ari dira.

Ezaugarri teknikoak

Gaur irekitako igogailuan 25 lagun sartzen dira eta 1,6 metro segundoko abiadura hartzen du. 1.396.686 euroko inbertsioa ekarri du eta lanak urtebetean egin dira. Igogailuak 45 metroko aldapa gainditzen du eta trakzio elektrikoduna da; 72 metroko luzerako eta 34 graduko inklinazioa duten erreilen gainetik doa, eta bi geldiune ditu, goikoa eta behekoa. Gidari barik dabil, eta geldiunetan eta igotzeko eta jaisteko kabina barruko botoiak sakatu behar dira. Txartelak Ereagan erosi beharko dira. Hain zuen ere, hori da instalazioak zaindu eta garbitzen dituzten langileen lekua. Guztira, urritasunen bat duten lau lagunek zaindu eta garbituko dute igogailua.

Ordutegi eta prezioak

Txartelak 0,20 euro balio du, baina bertan erosi ezin daitekeen Creditransekin eta 10 bidai egiteko bonuarekin 0,18 euroko prezioa du. Horretaz gain, ez da 10 eurotik gorako billeterik onartuko. Zerbitzuaren ordutegia, hasiera batean, 10:30etik 20:00ak artekoa izango da, azarotik martxora bitartean, eta 10:00etatik 22:30ak arte, apiriletik urrira bitartean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun