Bihartik aurrera erabili ahal izango den Sopel-buserako, bi Creditrans txartel jasoko dute familia ugariek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 17a, 22:46

Uztailetik aurrera, Sopel-busa erabiltzeko Creditrans txartel bina lortzeko aukera izango dute, sosik ordaindu gabe, Sopelako familia ugariek. Izan ere, horiek biltzen dituen EAEko Hirukide elkartearekin harremanetan jarri da Udala, hiru seme-alaba edo gehiago dituzten gurasoek aipatu zerbitzua eskura izan dezaten. Udaletxean dagoen Turismo Bulegoan hartu beharko dira txartelak. Larrabasterra eta Sopelako metro geltoki zein herriguneak eta hondartzak lotzen dituen autobusa larunbat honetatik aurrera egongo da martxan. (Argazkian, Atxabiribileko sarrera).

Hondartza denboraldia heltzearekin batera, Sopel-busa erabiltzeko aukera izango dute, bigarren urtez, Atxabiribil, Barinatxe edo Arrietaran eguzkitan jarri eta bainua hartu nahi duten guztiek. Igaz bezala, Larrabasterra eta Sopelako metro geltoki zein herriguneak eta areatzak lotuko ditu garraio publikoak, irailaren 15era bitartean. Gainera, aurten, (bertan dagoen langa igarota) Arrietara hondartzako sarbidera bertara helduko da Sopel-busa, "mugitzeko zailtasunak dituzten lagunei bertara iristeko erraztasunak emateko", udal arduradunek aipatu dutenez. Berrikuntza modura ere, Creditrans txartela erabili ahal izango da uda honetan Sopel-busen bidaiak egiteko. "Creditransa erabiltzeak bidaiak merkeagotzeaz gain, garraio publikoa sustatzea ahalbidetuko du. Izan ere, Sopel-busa beste hainbat garraioren erabilerarekin uztartu ahal izango da", azaldu dute Udaletik.

Ordutegia eta ibilbideak

Hogei minutuan behin ibiliko da Sopel-busa, 10:00etatik 20:00etara, 14:00etatik 15:00etara izan ezik (zerbitzurik ez da egongo). Ibilbideei dagokienez, bi egingo ditu:

1. Urbaso aurreko autobus geltokia, San Pedro eliza aurreko autobus geltokia, Sopelako kanpina eta Atxabiribil hondartza (bertan buelta eman eta alderantziz egingo du ibilbidea).

2. Larrabasterra metro geltoki aurreko autobus geltokia, Barinatxe hondartzako parkinga eta Arrietara hondartza (bertan buelta eman eta alderantziz egingo du ibilbidea).

Salneurriak

Bidai bakarreko txartela edo creditrans bidez egin ahal izango da bidaia Sopel-busean. Lehenengoa autobusean bertan ordaindu behar izango da eta bigarrena ohiko lekuetan (metro geltokiak, tabako-dendak...) egongo da eskuragarri. Bidai bakarreko txartelak 0,50 euroko salneurria izango du eta creditransak 5 eurokoa, 12 bidai egiteko. Creditrans bidez, bi garraio mota erabiltzen dutenek %20ko beherapena izango dute. (Sopel-busa eta hiri-garraioa erabiliz gero, 45 minutu egongo dira bidai biak egiteko; bestea hiri arteko garraioa bada, berriz, 90 minutu egongo dira).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun