Estreinaldi garaian presioak jaso zituen Barberoren "Letizienta" antzerki lana ikusteko aukera dago bihar Lamiakon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 18a, 18:24

Errauskine ipuin klasikoa eta Espainiako errege familia lotzen dituen "Letizienta" obra ikusteko aukera izango da igande honetan, 19:00etatik aurrera, Lamiako Antzokian, Lamiña Kultur Elkarteak antolatuta. David Barberok idatzitako obra satiriko eta ironikoan oinarrituta dago, eta Iñaki Urrutiak zuzendu du. Yokarangu taldeko aktore gazteek jokatzen dituzte ikuskizuneko pertsonaien rolak: Angharad Nieblak (Letizia), Yolanda Cabezasek (arrebaordea), Carlos Lertxundik (erregea) eta Gurutz Baquerizak (printzea). Obra gaztelaniaz idatzia dago, eta hizkuntza horretan izango dira emanaldiak. Sarrerak bi euro balio du.

Espainiako errege familiaren eta Errauskine ipuinaren artean zeuden antzak hartu zituen abiapuntu Barberok. Kabaret satiriko edo ikuskizun erdi musikal ironikoa deitu izan diote. Izan ere, aktoreek hainbat kantu abestuko dituzte; helburu "komiko eta satirikoa" duten doinuak dira. Baina elkarrizketak ez dira gauzatzen kantuen bidez; ondorioz, ez da ikuskizun erabat musikala.

Errauskine ipuinaren egitura du lanak. Obraren hasieran, albistegi bat agertuko da. Printze-printzesa batzuen ezkontzari buruzko albistegia da. Hortik aurrera, ipuin klasikoko pertsonaiak agertuko dira oholtza gainean. Pixkanaka gaur egungo pertsonaia bilakatuko dira, eta Espainiko errege familiaren aipamena egingo dute zeharka. Dena den, Urrutia zuzendariak honela azaltzen du lanaren funtsa: "Gure asmoa ez da pertsonaia hauek haien antzekoak izatea. Obraren izenak bakarrik aipatzen du zuzenean benetako pertsonaia bat. Gainerako pertsonaiek ez dute izenik, eta gure asmoa ez da benetako jendea imitatzea". Pertsonaiek bi aurpegi dituzte. Alde batetik, ipuinetakoa, eta bestetik, errealistagoa. Baina bi aldeen karikatura egiten dute.

Ikus-entzuleenganako interakzioa

Umorea eta intriga lan osoan presente daude. Horren bidez, "gaur egungo pentsamolde kritikora eta mementuko arazoetara" eraman nahi dute ikuslea. "Hain urrutikoa den eta egiazkoa ez dirudien mundu baten ikuspegi komiko eta hurbilekoa" ematen zuela ikusi zuen Urrutia zuzendariak: "Ondoren, beraien miseria guztiarekin publikoari erakusteko". Horregatik erabaki zuen testua antzerkira eramatea. Bestalde, ikus-entzuleenganako interakzioa bilatzen du antzezlanak; horrek ere erakarri zuen zuzendaria.

Askotan publikoarengana zuzenduko dira aktoreak; horren eraginez, ikus-entzuleen espazioa eszenografiako elementu bat gehiago bihurtuko da. Izan ere, nahiko eszenografia minimalistaz baliatzen dira. Atzeko aldean ziklorama bat agertuko da; bertan proiektatuko dituzte obrari hasiera eta amaiera emango dioten albistegien irudiak, gardenki batzuen bidez. Itzal eta bestelako elementu batzuekin jokatuko dute bertan. Gainerakoan, nahiko garbi egongo da oholtza.

Presioak estreinatu aurretik

David Barberoren "Letizienta" maiatzaren 27an estreinatu zen, Bilboko La Fundicion aretoan. Baina bospasei aste lehenago, "presioak" jaso zituen idazleak, telefono dei eta mezu elektroniko anonimoen bidez, berak idatzitako antzerki obra oholtzara ez eramateko. Une horretan Espainiako monarkiaren aurkako erasorik ezin zela onartu argudiatu zuten dei eta mezu horien egileek, apirilaren 19an Berria egunkariak jakinarazi zuenez. Presio horiei kasu egin gabe, Yokarangu konpainiak aurrera egitea erabaki zuen, eta estreinatu ezezik beste emanaldi bana ere egin zituzten maiatzaren 28an eta 29an.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun