TAO guneetan bizi diren sopeloztarrentzat baino ez da bizilagun txartela

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 18a, 20:09

Dirudienez, jende ugari hurbiltzen ari da Trafikoa eta Aparkatzea arautzen duen Ordenantza (TAO) berriaren informazio bulegora (argazkian), bizilagun txartela lortzeko asmoarekin, baina asko ez dira TAO guneetan bizi. Hori dela eta, bizilagun txartela zonalde horietako batean bizi diren lagunek bakarrik eskura dezaketela gogoratu du Sopelako Udalak. Aipatu agiria lortzeko, "Los Angeles" auzoan kokatutako bulegoan (Akilino Arriola kalea / 946 760 540) agertu beharko dira horiek. Ekainean zehar, 9:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era, astelehenetik ostiralera, eta larunbatetan goizez bakarrik egongo da zabalik. Bizilagun txartela eskuratzeko NAN eta zirkulazio zergaren ordainagiria baino ez dira aurkeztu behar, udal arduradunek jakinarazi dutenez. Hortaz, ez da beharrezkoa erroldatze agiria.

Apirilaren 21eko udalbatzarrean EAJko botoei esker onartu bezala, asteazkenean (ekainak 15) sartu zen indarrean Sopelan, Trafikoa eta Aparkatzea arautzen duen Ordenantza (TAO). Egun horretan parkimetroak jarri eta kaleak margozten amaituko zuten; eta, astean zehar, kaleetatik ibili dira TAOko langileak, sistema berria abian dagoela herritarrei gogorarazteko. Datorren astelehenetik aurrera hasiko dira isunak jartzen.

Hiru gune

Besteak beste, TAO hiru gune ezarri dira: "horia" hondartzeko parkingetan, "urdina" Sopelako herrigunean, Larrabasterrako zati batean eta Arrietarako urbanizazioan; eta "berdea" Larrabasterrako metro geltokiaren ondoan. Hondartzen aparkalekuetan udako sasoian bakarrik egongo da TAO, eta gainerako lekuetan urte osoan zehar. Udalean zirkulazioaren gaineko zerga ordaintzen duten Sopelako herritarrek, berriz, hondartzako aparkalekuetan doan sartzeko txartela izango dute, udal arduradunek jakinarazi dutenez.

Ordutegia eta salneurriak

TAO zerbitzua 9:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara egongo da indarrean, astelehenetik ostiralera, eta goizeko ordutegian baino ez larunbatetan. TAO horiari dagokionez (hondartzetako parkingak), 10:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da ordutegia aste osoan.

Eremu horian (hondartzetako parkingak) 0,30 euro eman beharko da ordu erdiko, autoa uzteagatik, bi ordu t'erdiko denbora epea bete bitartean. Ordutik aurrera euro erdi 30 minutuko, hiru ordu t'erdi egin arte eta beste 70 zentimo lau ordutarako. Bost eurokoa izango da ordutik aurrerako prezioa (10 ordu egin arte). Eremu urdinean (Sopela eta Larrabasterrako herriguneak), berriz, 0,25 euro ordaindu beharko da ordu erdiko, bi orduko denbora epea bete arte; ordutik aurrera euro erdi 30 minutuko, gehienez, hiru ordutako mugarekin. Azkenik, eremu berdean (Larrabasterrako metro geltoki alboan) bi salneurri baino ez dira egongo: 1,80 euro / lau ordu eta 3 euro zortzi ordu.

Garabia

TAO zerbitzuarekin batera, garabi-sistema abiaraztea ere onetsi du Sopelako Udalak, abandonatuta edo salgai eta denbora luzez leku berean dauden ibilgailuak, beti toki berean aparkatuta dauden karabanak eta gaizki aparkatutako autoak kentzeko. "Diru-kopuru txikia ordainduta aparkatzeko lekua erraz aurkituko dutela herritarrei zein bisitariei ziurtatzea da helburua, baita saltokietara joan ahal izango direla kaleetan barrena bueltaka ibili behar izan gabe", udal iturriek azaldu dutenez.

Ikusi TAO zerbitzuko guneak eta Sopel-buseko ibilbidea hemen klik eginez. (pdf formatoan).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun