Imazen ustez benetako apartheida EHAKren kexuak gogorarazizzera da, edozein zinegotzik edota alderdi politiko demokratikoen edozein ordezkarik jasan beharra bere familiaren kontrako mehatxuak eta molotov koktelak.
"Jauzi kualitatiboa"
Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEren idazkari nagusiak Azkorrin egindako erasoa "ETAren jauzi kualitatibotzat" jo zuen. Bere iritziz, "PSE-EEren egoitzei eraso egiteaz gain, etxebizitzen aurka ere egiteari ekin diolako".
Antonio Basagoiti Bizkaiko PPren presidentearen ustez, "ETAk eta Batasunak ez dute demokrazian sartzeko asmorik" eta "euskal alderdi demokratikoen" kontrako erasoak bata bestearen atzean hedatzen ari dira: "gaur PSE-EE da, orain dela gutxi Aralar izan zen eta beste batzuetan gu izan gara". Horregatik, "bortxakeriaren munduari kontzesiorik" ez egiteko deitu zuen eta etorkizuna ez dela presoekiko keinuetan edo hurbilketetan oinarritu behar esan zuen.
"Oztopoak"
Rafa Larreina Eusko Alkartasunako Antolaketa idazkariak ekintza kondenatu eta "bortxakeriaren estrategian jarraitzen dutenak oztopoak gehitzea baino ez dutela egiten" salatu zuen.
Euskadiko Autonomi Erkidegoko UGT sindikatu sozialistaren idazkari nagusiak, Damaso Casado, ere Getxon izandako erasoa kondenatu egin zuen eta "indarkeri ekintza guztiak berehala etetea" eskatu zuen. Azkenik, Aralarrek gertatutakoa arbuiatu egin zuen eta Joseba Markaidari bere elkartasuna adierazi zion.
Eusko Jaurlaritza, EAJ, PSE-EE, PP, EA, UGT eta Aralarrek gaitzetsi edo arbuiatu zuten atzo goizeko 1:30ean izandako Joseba Markaida PSE-EEko zinegotziaren kontrakoa erasoa. Eusko Jaurlaritzak ekintza kondenatu eta gertatutakoak "indarkeria amaitzea nahi dutela esan eta indarkeriarekin jokatzen dutenen moral gabezia" erakusten duela esan zuen. Era berean, "pertsonen oinarrizko eskubideak behin eta berriro urratzen dituztenak atxilotzeko baliabide guztiak" erabiliko dituela zehaztu zuen Ibarretxeren (argazkian) Gobernuak. Josu Jon Imaz EAJko Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, berriz, onartezintzat jo zuen Markaidaren kontrako erasoa eta argitu du EAJk ez duela "ETAren bortizkeriaren menpeko bake-prozesurik" onartuko.