Molotov-koktelak jaurti dituzte Berangoko PSEko zinegotzi baten etxearen kontra Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 19a, 18:07

Ezezagunek molotov-koktelak jaurti zituzten Joseba Markaida Berangoko PSE-EE alderdiko zinegotziaren etxearen kontra, atzo goizeko 1:30ak inguru. Markaida Azkorriko (Getxo) Diliz estratan bizi da eta erasoaren ondorioz, bizilekuaren hormak kalteak jasan zituen, baina ez zen inor zauritu. Zinegotzi sozialistak berak Europa Pressi azaldu zionez, erasoa bere emaztea eta bera lotara joan eta minutu batzuetara izan zen. Ezezagunek molotov-koktel dozena erdi bota zuten sukaldeko leihoaren kontra baina "zorionez" ez zuten lortu etxean bat bera ere sartu eta guztiak kanpoaldean eztanda egin zuten. Molotov-koktelen leherketak eragindako sutea suhiltzaileen parte-hartzerik gabe itzali zen. Erasoa Irantzu Gallastegi berangoztarra Espainiara estraditatu eta egun batzuetara gertatu da.

Joseba Markaidaren arabera, "beren horretan jarraitzen duten faxista erotu batzuk badaude, beraien antzera pentsatzen ez dugunok isilarazteko beldurra arma ideologiko gisa erabiltzen dutenak. Horregatik, estigmatizatuta gaude, gelditzen ez den jazarpen terrorismo deituriko horren biktimak gara".

Ez da lehenengo aldia

Markaidak argi utzi zuen "tentsio-egoera desatsegina bada ere, eta gustatuko litzaidakeen hainbat gauza ezin badut egin ere" ez duela bere "jarrera" aldatuko, eta Zapatero Espainiako gobernuburuarekin lerrokatu ostean, "familia osoa ados" dagoela horrekin azaldu zuen. Izan ere, "euskal gizartea bezalako gizarte anitzean, hain jende pluralarekin, pertsonak bi eratakoak edo, asko zehaztekotan, era bakarrekoak baino ezin garela izan pentsatzen duen jendea egotea" bere familian ez dutela ulertzen azaldu zuen Joseba Markaidak.

Era berean, zinegotzi sozialistak bere etxearen kontrako erasoa euskal gizartean bizi den egoeran kokatu nahi izan zuen: "ez dakit zeren inguruan elkarrizketatzeko eta negoziatzeko orduan indar egoeran egon behar dela pentsatzen duena egon daiteke, ala gerta liteke beste batzuek taldeko aginduak ez onartzea eta bere kabuz jardutea, mendekuagatik, amorruagatik edo beste edozerengatik".

Atzo gertatutakoa ez da Markaidak pairatu duen lehenengo erasoa. 2001eko otsailaren 16an, Getxoko Udalean PSE-EEko zinegotzia zela, molotov-koktel bat bere etxe barruan lehertu egin zuen eta bere emaztea eta bere semea erre ziren. 2002ko irailean, berriz, Markaidaren kontrako heriotz-mehatxuak zituzten pintadak salatu zituen PSE-EEk. Atzo, zinegotziak azaldu zuenez, "tentsio gutxiagoko urte batzuk neramatzan".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun