Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu asteburu honetan, Euskadiko Autonomi Erkidegoko Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Atxilotuetariko bat, I.F.M. izeneko 25 urtetako gaztea, arma zuriz bi pertsona zauritu zituelakoan harrapatu zuen Ertzaintzak. Gertaera Sopelako pub batean izan zen atzo, larunbata, goizeko 3:00ak aldera. Arma zuriz izandako eraso baten berri izan ostean pubera hurbildu ziren ertzainek bi pertsona zaurituta topatu zituzten lokalaren kanpoaldean. Batek ezkerreko mehakan zaurituta zegoenez anbulantziaz bidali zuten Gurutzetako ospitalera, besteak lesio txikiak zituen esku batean. Erasoaren ustezko egilea, I.F.M., pubetik atera zen eta, Ertzaintzak jakinarazitakoaren arabera, poliziei ustez erabilitako labana non zegoen esan zien. Horren ostean ertzainek atxilotu zuten. Bestalde, alkoholaren eraginpean gidatu zutelakoan hiru pertsona atxilotu du Ertzaintzak asteburu honetan eskualdean. Larunbatean gidari bat atxilotu zuen Berangon. Gaur, berriz, bi pertsona harrapatu ditu Erandion.