Erandioko toponimia Madrilen eta Salamancan barrena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 21a, 12:36

Erandioko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmen bat sinatu zuten atzo (ekainak 20) toponimia ikertzeko eta arautzeko. Erandioko toponimia finkatu, arautu eta normalizatzeko udaletxeko artxiboaz gain, Bizkaikoak, Madrilekoak eta Salamancakoak ere arakatuko dira. Udalaren izenean, Mikel Arieta-Araunabeña alkateak eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu zuten (argazkian ezkerretik eskuinera / erabili.com). Hitzarmen horren xedea honako hauxe da: Erandioko toponimoak eta herriko ageriko hizkuntza-paisajea normalizatzea.

Hala bada, Erandioko toponimia ikertu eta arautzeko, beka-deialdi bat atera du Udalak. Iratxe Lasa ikerlariak eskuratu du eta Euskaltzaindiaren zuzendaritzapean dihardu urte hasieraz geroztik.

Toponimia bildu, finkatu, arautu eta normalizatu

Atzo sinatu zen hitzarmenaren arabera, Euskaltzaindiaren eginkizunik nagusiena izango da, toponimia bildu, finkatu, arautu eta normalizatzeari dagokionean aholkuak eta irizpenak eskaintzea. Izan ere, berari dagozkio ikerketaren zuzendaritza eta aholkularitza zereginak. Horretarako guztirako, zuzendari bat izendatu du: Patxi Galé Onomastika batzordeko kidea.

Esan bezala, ikerketa-lana martxan da eta honez gero mila leku izen aurkitu dira. Bekadunak, lau hilabetean behin, memoria aurkeztu beharko dio Udalari, ordura arte aurreratutako lanen xehetasunekin. Bekak hamalau hilabeteko iraupena izango du. Ikerketa burutzeko, udaletxeko artxiboaz gain, Bizkaikoak, Madrilekoak eta Salamancakoak ere arakatuko dira. Bestalde, ikerketaren bigarren fasean, ahozko bilketa egingo da, izenen ahoskera ezagutzeaz gain, euren kokapen zehatza ere ezagutu ahal izateko.

Mapa eta liburua

Horren amaieran, 2006. urteko hasieran, Erandioko Udalaren asmoa da, behin emaitzak bilduta, horiek herritarrei helaraztea, printzipioz, mapa bat argitaratuz. Aztergai da, gainera, liburu bat aterako den. Edonola ere, bertan bilduko diren toponimoei izaera ofiziala emateko asmoa du Udalak, herriko izendegia egingo baitu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun