Leioako Sanjuanak musika giro bikainak berotuko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 23a, 00:43

Maritxu Teilagorri jai herrikoien aldeko taldeak musika egitarau zabala, anitza, euskalduna eta doakoa prestatu du ostegunean hasiko diren Leioako Sanjuanetarako. Gaurik motzenean bertan, Tapia eta Leturiak 23:00etatik aurrera txosnagunean joko dute gazte zein heldu guztiei dantzatzeko gonbitea egingo dietela. Ostiralean, arratsaldean, Leioako musika taldeen txanda izango da. Udondo gaztetxetik abiatuta, 19:30etatik aurrera, soinu gogorrenak trikitixaren eta bertsolarien doinu gozoekin tartekatuko dira Jai Herrikoien Aldeko Kalejiran. Leioako herrigunea plazaz plaza zeharkatuko dute guztiek kamioi baten gainean, eta Boulevardean eta Ikea Barrin, hurrenez hurren, 20:00ak eta 21:00ak aldera joko dute Rock Maratoian, 22:00ak aldera azken taldeek txosnagunean joko dutela. Ekimen horretan, Ultima Neurona, Deskiziad@s, Pabellón 3/14, Ketesnukas, Jarraitu eta ustekabeko talderen batek parte hartuko dute, bertako musika taldeentzat entsegu lokalak aldarrikatuz. Ostiraleko gauean Habeas Corpus (argazkian) eta Basaki Leioako taldearekin gozatu ahal izango da hamabietatik aurrera.

Larunbatean, ekainak 25, bazkari herrikoiaren ostekoa Sagardolé eta Jonas kantautoreen eskutik egongo da, 16:30ak aldera. Gauean, berriz, Nuuk-At eta Banda Batzoki arituko dira, gaueko 23:00etan. Igandea jai amaiera izateagatik triste izaten ohi bada ere, aurten ez da horrela izango, Karidadeko Bentak alaitasunez eta doinu gozoekin itxiko baititu Leioako jaiak 20:00etan hasiko den emanaldiarekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun