Gobelix eta Erromoko Gaztetxea gogoan, 2004ko ekainean Itzubaltzeta / Erromoko gazteek Santa Eugenia kaleko etxe bat okupatu zuten, Erromoko Gaztetxea zegoen lurzorutik hogei metrotara. Urte bereko irailaren 27an, Ertzaintzak bertan batu ziren dozenaka lagun gogor sakabanatu ostean eta eraikinaren barruan zeuden kideak atera ondoren, gaztetxea eraitsi zuten (argazkian). Baina, hiru egun beranduago herriko heunka gaztek Errekagane kaleko haroztegi zaharra okupatu zuten, eraikinari berrriro ere, Itzubaltzeta gaztetxea izena emanez. Itzubaltzeta gaztetxekoek azaldu dutenez, "gauza asko bizi izan ditugu eta asteburu honetan astean zehar hasitako ekitaldiei bukaera emango diegu". Tartean, larunbatean ospatuko duten egun osoko jaia.
Asteburu honetan, Itzubaltzeta gaztetxeko proiektuak urtebete beteko du, eta "hori dela eta" hainbat ekitaldi antolatu dituzte: igandera arte kalean eta Gaztetxean bertan ikusgai egongo den argazki erakusketa; atzo, txokolatada eta akelarrea egin zituzten gaztetxean bertan.
Larunbatean, jai erraldoia izango da: goizeko 11:30ean gaztetxeko tailer guztiak kalera irtengo dira. Areetako tren geltokiko plazan Gobelab HackLabek GNU/Linux sistema eragilearen erakusketa bat egingo du. Taitiano dantza, euskal dantzak, perkusioa, jostura, eskulanak... irakatsiko dira tailerretan. Eguerdiko ordubatetan triki poteoari hasiera emango zaio eta 14:30ean herri bazkaria Areetako Xake plazan egingo dute. Arratsaldeko 17:00etan herri olinpiadak eta 19:00etan maniFESTAzioa, kamioi batekin eta guzti. Azkenik, 20:00etan hasiko dira kontzertuak gaztetxean eta 00:00etan izugarrizko antzerkia izango da.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.