Azken urteetan dandarrez zekarren defizita kitatu egin du EHUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 29a, 20:38

Gaurko ezohiko Gobernu Kontseiluan, Errektoregoak 2005erako aurkeztutako aurrekontuen aurreproiektua onartu du Euskal Herriko Unibertsitateak, aurkako botorik gabe. Behin onartuta, idatzia proiektua izatera pasatu da, eta "benetan gauza dadin, EHUko Gizarte Kontseiluak onespena ematea bakarrik falta du", unibertsitateko iturriek jakinarazi dutenez. Gizarte Kontseilua uztailaren erdialdera bilduko da. Azken izapide hori betetzen bada, 2000 urteaz geroztik hau izango da lehenengo urtea unibertsitateak aurrekontu bat onartuta daukana, azken ekitaldietan EHUk aurrekontu luzapenekin jardun baita.

Aurrekontuen proiektu berriak "sarrera eta gastuen arteko oreka" lortu du, EHUko arduradunen hitzetan, "erakundeak azken urteotan izan duen defizit kronikoa gaindituta". "Hori lortu da, alde batetik, unibertsitateak aurrekontuak kontrolatzeko egin duen ahaleginari esker, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzarekin aurrekontuen gaian joan den abenduan lortutako akordioari esker", azaldu dutenez.

313 milioi eurotik gora

EHUren aurrekontu proiektua 313 milioi eurotik gorakoa da (313.714.208), nabarmen handiagoa aurreko ekitaldietakoen aldean. Modu formalean onartutako azken aurrekontua (2000 urtekoa) 223.232.080 eurokoa zen. "Jakina, azken ekitaldiotako luzapenak ez zuen eragotzi partidak igotzen joatea, batez ere I. kapituluan (langile gastuak), eta garbitasun, segurtasun eta bestelako gastu orokorretan. Konparaziorako, 2004ko kitapenaren ostean, unibertsitateak 13,2 miloi euroko defizita zeukan", diote unibertsitateko iturriek.

Diru sarrerak

Aurrekontu proiektu berriko kopuruak eta aurreko urteetako defizita desagertzea ulertzeko, lehendabizi kontuan hartu behar da sarreren partidetan zenbait igoera izan direla.

Batetik, 2004ko abenduko akordioari esker, Eusko Jaurlaritzak 15,4 miloi euroko kreditua eman zion unibertsitateari, irakasleen osagarriek (euskotramoek) 2002, 2003 eta 2004ko ekitaldietan sortutako defizita estaltzeko. Gogoan izango denez, osagarriok urtean 8,3 milioi euroko gastua sortzen zuten, Eusko Jaurlaritzak kontzeptu horretarako 3 miloi baino ez zeuzkanean aurreikusita. Horrek defizit bat sortzen zuen urtero, aurreko urteetatik zetorrena handiz zihoana. Unibertsitateak 15 urteko epean itzuli beharko dio mailegua Jaurlaritzari, urte biko gabealdiarekin (hots, lehen urte bietan interesak ordainduko ditu unibertsitateak, baina ez kapitalik). 2002 baino lehen irakasleen ordain osagarriek sortutako defizita unibertsitateak berak ezeztatu du, bere diruarekin.

Beste sarrera garrantzitsu bat 6 milioi eurokoa izan da, 2005eko osagarriak ordaintzeko. Kopuru hori 2000ko aurrekontuan aurreikusita zeuden 3 milioei gehitzen zaie. Horiei guztiei beste miloi bat euro erantsiko dio unibertsitateak bere baliabideetatik, unibertsitatearen eta gobernuaren arteko abenduko akordioan zehaztu zen bezala.

Unibertsitateak bere defizita garbitzen lagundu duen beste kontu bat Errektoregoak abian jarritako "austeritate politika" izan da, EHUko arduradunen arabera: "aurrekontu sail guztiak zorrotz aztertu ditu, besteak beste gerakinena (bai orokorrak eta bai espezifikoak), eta horiek ez dira aurrekontuan sartu hurrengo urtean benetan gauzatzeko konpromisoa izan ezean. Helburu jakin baterako ez dauden gerakin horiek ere erabili dira, beraz, defizitaren parte bat garbitzeko".

Beste ekarpen gehigarri bat etorri da Eusko Jaurlaritzak orain gutxi Gobernu Kontseiluan onartu zuelako gehipen berezi bat egitea unibertsitatearentzako ohiko diru laguntzari. Horrela, gobernuaren aurrekontuan onartuta zeuden 182 milioi euroak ia 194 milioi euro izatera pasatu dira (193.882.000, zehazki).

Gastuak

Gastuen artean, Euskal Herriko Unibertsitateko aurrekontu proiektuak igoera garrantzitsuak aurreikusten ditu: horrela, errektorego taldeak gauzatu egiten ditu hartutako zenbait konpromiso. Garrantzitsuenak, kualitatiboki eta kuantitatiboki, honakoak dira:

Ikastegi eta sailen irakats jarduerarako partida %25ean igotzea. Horrek milioi bat euro gehiago ekartzen du kontzepu horietarako.

Langile guztien tresneria informatikorako, ekipoak berritzeko eta Gobernu Kontseiluak onartu berri duen Teknologia Berrien Plan Gidaria gauzatzeko zenbatekoa igotzea. Kontzeptu honetan 2 milioi euro gehiago gastatuko dira, batetik garrantzi handikoa delako unibertsitatearen gestiorako, eta, bestetik, oso lagungarria izango delako Europako kredituak (ECTS) ezarri ahal izateko sortuko diren irakaskuntza beharrei erantzuteko.

Bibliotekarako ekarpena ere 440.000 eurotan igoko da, guztiz garrantzitsua Bolognako prozesuak irakaskuntzan eskatzen digun ikuspegi berria kontuan hartuta, bai baliabide bibliografikoei eta bai bibliotekak campus guztietan izan behar duen funtzionamenduari dagokionez.

Osasun eta laneko segurtasunerako zenbatekoa igotzea. Guztira, partida 0,3 milioi eurokoa da.

Unibertsitatearen Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) 140 plaza berriren hornidura finantzarioa. Hauxe izango da unibertsitatean azken 15 urteotan giza baliabideen hedapen zabalena eta EHUk arlo horretan zeukan behar larria zati batean estaltzeko balio izango du. 140 plaza horietatik 50 erregularizazioak dira, gainontzekoak berri-berriak. Plaza berri hauen bitartez nabarmentzeko da zerbitzu informatikoak indartuko direla, informatikako teknikari berri bana kontratatuko baita EHUko ikastegi (eskola eta fakultate) guztietan.

Ikerkuntzaren ekarpena 847.000 eurotan igotzea, aurrekontu arruntean. Aurrekontutik at, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi onartutako programa-kontratuen barruan, ikerkuntzarako 6,5 milioi euro gorde dira, langile elebidunak, talde finkatuen ikerkuntzarako laguntza eta kalitate programak bezalako alderdiak sustatzeko. Programa-kontratuen zenbateko osoa 10 milioi eurokoa da, baina helburu zehatzak dituen kontzeptu hau aurrekontuaren dokumentutik kanpo dago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun