"Gazte Irudiak 05" lehiaketa deitu du Getxoko Gazteria Zerbitzuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 29a, 21:21
Uztailaren 22ra arte, euren irudiak aurkezteko aukera izango dute 12 eta 30 urte bitarteko udalerriko gazteek. Imanol Landa Getxoko Udaleko Presidentzia zinegotziaren hitzetan, “Getxo udalerriko gazteak euren marrazki, argazki eta muntai grafikoekin, udal argitalpenetan parte hartzera gonbidatzea” da Gazte Irudiak 05 ekimenaren helburua. Eskaintza Gazteria Saileko dinamikarekin bat dator, hau da, neska-mutilak parte hartzera gonbidatzearekin, "eurak izan daitezen eskaintza kulturalaren protagonista".
Obren gaia askea da, baina indarkeriarik gabeko irudiak izan beharko dira, eduki sexistarik, arrazistarik, xenofoborik edo mota orotako bazterkeriarik gabeak. Gazte bakoitzak gehienez hamar irudi bidali ditzake. Gainera, ez du lehiaketa formaturik. Helburua irudi fondo bat sortzea da Getxoko gazteen partaidetzarekin. Argitaratuko diren irudien hautaketa kalitatea, egilearen adina, mezua, kreatibitatea… baloratuz egingo da.

Aukeraketa

Lan guztietatik, 50 aukeratuko ditu Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzuak. Hautatutako bakoitzaren truke egileari 20 euro ordainduko zaizkio. Lanak argitaratzeko unean, irudiarekin batera egilearen izena eta kontaktatzeko era ere jartzeko konpromezua hartzen du Udalak. Informazio gehiago Herritarren Arretarako Bulegoetan edo Gazte Bulegoan bertan jaso daiteke. Argibideak www.getxo.net web orrialdean eta 944 910 114 telefono zenbakian ere aurkitu daitezke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun