Azkoitian posible da, Getxon ere bai

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 29a, 23:57

Ilegalizazioaren gainetik, Getxo Bizia zioen pankartaren atzetik, elkarretaratzea egin genuen ostiral goizean udaletxe aurrean, udal batzarra hasi baino ordu erdi lehenago. Azken urte bi hauetan ohi duen bezala, alkateak ez zuen Getxo Biziak aurreko astelehenean aurkezturiko mozioa udal batzarrerako gaiordenean sartu eta ez zuen egin genuen aldarrikapenaren aurrean ezelako keinurik agertu. Gainontzeko alderdietako ordezkariak ere ezer gertatuko ez balitz bezala pasa ziren pankartaren aurrean eta ez ziren guregana hurbildu ere egin.

Entzungor egiteaz gain, udal batzar aretoan batzarra hastear zela guztien aurrean herriaren borondateari zor zaion begiruneaz eta Getxoko udal batzarra herritarrek bozkatu zutenaren arabera osatzeko eman beharreko pausuetaz gure azalpenak ematen hasi ginenean hitza ukatu eta gu kaleratzeko agindua eman zien udaltzainei alkateak.

Kaleratu, bai kaleratu gintuzten, eta apartheida Getxon gainditzen hasteko aukera paregabea galdu zuten alperrik, baina argi eta garbi entzun zuten zer egin behar duten demokraziaren alde egin nahi badute behintzat.

Udal batzarreko talde politiko guztiek onartu egin behar dute Getxo Bizia falta dela, udal gobernu hirukoitzak gehiengoa izateko berea ez den zinegotzi postuaz baliatzen ari dela aitortu behar du publikoki, eta Ezker Batuak Aznarren politika faxistaren ondorioz duen bigarren eserlekua dagokionaren esku utzi egin behar du berandu baino lehen. Ez dago aitzakiarik. Azkoitian bezala Getxon ere posible eta legala da.

Bi urte pasa dira eta bada garaia!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun