Gaztetxe berria eraikiko duela jakinarazi du Algortako Gazte Asanbladak kalean urte bat eman ostean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 30a, 15:06

Algortako azken gaztetxea bota zutenetik urtebete igaro da. Bertako gazte asanbladak, ordea, Iñaki Zarraoa Getxoko alkateari ohartarazi dio lehenago edo beranduago euren gaztetxea eraikiko dutela. Gazteek Getxoko Galeako labarretik zintzilikatu zuten udako solstizioaren atarian euren aldarrikapena, Gaztesareak zabaldu duenez. Algortako Gazte Asanbladak bidalitako oharrak honakoa dio hitzez hitz: "Aste honetan urtea beteko da Algortak azken gaztetxea izan zuenetik eta horregatik Galeako labarretik 'Gaztetxea eraiki' lelodun pankarta erraldoi bat ipini genuen".

AGAren komunikatuaren jarraipena:

Urtebete daramagu gaztetxe barik, baina mugimendua ez da gelditu. Algortako belaunaldi ugari saiatu egin dira gaztetxea eraikitzen, dagoeneko geroz eta gazte gehiago ikusi dute gaztetxearen beharra eta sortzeko grina. Jakin ezazu Zarraoa jauna gure gaztetxea eraikiko dugula.

Orain 2005ean gauden honetan, Algortako Gazte Asanbladak gaztetxea edukitzeko apustuarekin jarraitu egiten du. Horregatik oztopoak oztopo, adreiluz adreilu, Algortako Gaztetxe berria eraikitzera goaz. Adreiluak bata bestearen gainean ipiniz eta bakoitza ondo baino hobeto itsatsiz.

Orduan, jakin ezazu Zarraoa jauna eta Getxoko udaletxeko politiko profesionalak, urteak daramatzan borroka honek azkenean bere fruituak ematen jarraitzen duela eta lehenago edo beranduago gure gaztetxea eraikiko dugula, bai ondo entzun duzue, eraiki!!

Adreiluz adreilu, gaztetxea eraikiko dugu.

Algortako Gazte Asanblada
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun