Maria Joaok hasiko du bihar Getxoko Jazzaldiaren XXIX. edizioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko eka. 30a, 20:14

Aurten ere, Getxo Jazz izango da Euskal Herriko jazz jaialdien lehen geltokia. Bihartik 5era, ekitaldi honek betiko Europako kutsua ekarriko du, parte hartuko duten musikarien ezaugarri nagusia baita hori. Aurten, Uribe Kostako udalerrira gerturatzen diren entzuleek John Scofielden eta Richard Gallianoren mailako musikariez gozatu ahal izango dute. Maria João (argazkian), Baldo Martínezen Proyecto Miño eta Pirineos Jazz Orchestra lagun, ekitaldiko emanaldi nagusienak izango dira aipatutako biak. Gainera, taldeen lehiaketako, Hirugarren Milurtea ataleko eta Jam Sessions-etako kontzertuak gehitu behar zaizkie horiei. Ohikoa denez, Algortako Bihotz Alai plazan egingo dira emanaldi nagusienak eta taldeen lehiaketari dagozkienak, 21:30etik aurrera. Getxo Antzokiko plazan, berri, Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak eskainiko dira.

Getxo Jazz 2005 jardunaldiei Maria Joãok emango dio hasiera Mario Laginharen laguntzaz, Europako musika munduko jazzaren ahotsik aipagarrienetako batek, alegia. Bere ibilbidea hasi zuenetik, kantari portugaldarrak etengabe txunditu ditu entzuleak eta kritikariak musika apurtzaileari eta ausartari esker, antolatzaileek adierazi dutenez. Bai bakarka (jazz, folk taldeekin), bai orkestra sinfonikoekin, Joãok aldakortasun handia erakusten du eta, horrek, bere ahotsa musika mota ugaritara egokitzea ahalbidetzen dio. Bere ibilbide emankorrean grabazioak, lankidetzak eta emanaldiak egin ditu Joe Zawinul-en eta Dulce Pontes-en mailako artistekin. Ez dira ahaztu behar, ordea, Montreux, Leipzig, Perugia edota Berlinen eskaini dituen kontzertuak.

Uztailaren 2an, John Scofield musikari ezagunari helduko zaio txanda. Egungo jazzaren gitarjole garrantzitsuenetako bat da eta estilo ugari jotzeko duen gaitasunagatik da ezaguna. Horregan eragina izan dutenen artean Chuck Berry, Albert King eta B.B.King ditugu. Eragin horien ondorioz rock & roll, hiriko blues-a eta rhythm and blues jotzen hasi zen. 1977an bere lehen taldea sortu zuen eta 1982an heldu zen bere ibilbideko inflexio-puntua: Miles Davis tronpeta jolearen taldean sartu zen. Horren ondoren, bakarkako ibilbideari ekin zion beste musikari batzuekin lankidetzak egiteari utzi gabe; esaterako Eddie Harris, Pat Metheny, Joe Lovano, Idris Mamad eta Bill Frisell-ekin. 30 album baino gehiagoz osatutako diskografia zabalean, Scofieldek argi uzten du blues, soul, funk, jazz eta country soinuekin duen iaiotasuna.

Proyecto Miño eta Pirineos Jazz Orchestra

Uztailaren 3an, Jazzaldiaren erdian, Proyecto Miño talde berritzailea izango da eszenatokian. Baldo Martínez kontrabaxu jolea buru duena, alegia. Bertan jazz instrumentuek ohiko tresnekin bat egiten dute eta melodia tradizionaletan oinarritutako errepertorio interesgarria entzun daiteke horri esker. Konposizioak, guztiak jatorrizkoak, Portugaleko, Pontevedrako, Ourenseko edo Zamorako kantutegi herrikoietan oinarrituta daude. Balio musikal handia lortzen dute jazzaren bat-bateko lengoaiarekin bat egiten dutenean.

Uztailaren 4ean Pirineos Jazz Orchestra-ren emanaldia izango da. Euskal Herriko eta Akitaniako 19 musikarik parte hartzen dute bertan. Antzeko beste orkestren aldean, Pirineos orkestrak taldekideek egokitutako eta moldatutako euskal folklorean oinarritutako lanak interpretatzen ditu. Hala ere, ez dituzte alde batera uzten jazzaren konposaketa klasikoak eta big band-eko musika.

Richard Galliano

Azken eguneko izarra Richard Galliano musikari ezaguna izango da. Mundu guztian ezaguna den artista eskusoinuari tradizionalki ez dagokion musika eremuan sartzeko gai izan da. Cannesen (Frantzia) jaio zen 1950ean. Galliano berehala sartu zen musikaren munduan bere aitaren eskutik. Gaztaroan munduko eskusoinu lehiaketa garrantzitsuenetako asko irabazi zuen. Nizako kontserbatorioan bere musika prestakuntza amaitu ondoren, Parisera joan zen. Bertan Charles Aznavour, Juliette Greco, Georges Moustaki edo Claude Nogaro (besteak beste) artistekin jotzen hasi zen.

Hamar urte geroago, Astor Piazzolla maisuarekin lankidetza estua izaten hasi zen. Aldi berean Chet Baker, Ron Carter, Joe Zawinul, Michel Portal, Enrico Rava eta Al Foster musikariekin, besteak beste, proiektuak egin zituen. Diskografia luzea izanik, Gallianok erritmo berriak bilatzen jarraitzen du. Mediterraneoko sustraietatik abiatuta, Frantziako abestietara, tartean musika klasikoa eginez, bere estiloa eragin anitz eta ezberdinen bildumak osatzen du eta horrek entzulea uneoro harritzea lortzen du.

Agertokiak

Urtero bezala, jazzaldiak hiru kontzertu mota izango ditu. Algortako Biotz Alai plazan Taldeen Lehiaketako emanaldiak eskainiko dira 21:30ean. Horien ondoren, artista nagusiak eta eguneko talde garrantzitsuenak igoko dira agertokira. Bestalde, Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak Getxo Antzokiko plazan izango dira. Bertan jazz banda gazteek beraien freskotasuna eta musika genero horri egindako ekarpen berriak erakutsiko dituzte.

Azken finean, XXIX Getxoko Nazioarteko Jazzaldi honek nazioarte mailako artista garrantzitsuenen emanaldiak antolatu ditu berriro ere, antolatzaileen hitzetan. Aldi berean, artista berriei jendaurrean beren burua ezagutarazteko aukera ematen die. Europako, AEBetako, Euskal Herriko eta Espainiako taldeak eta artistak Algortan bilduko dira, guztira, 15 emanaldi eskaintzeko. Ez dira ahaztu behar Jam Sessions-ak: Algortako Piper's Irish Pub-ean izango dira, Biotz Alai Plazako emanaldiak amaitu ondoren. Bost egunetan zehar, jazzaren soinuek Uribe Kostako txoko horretako kaleak beteko dituzte. Musika ona gogoko duten guztientzat lehen mailako bilgunea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun