Zerbitzua osatzeko, Bidaideak elkarteak hondartzara hurbiltzeko garraio egokitua ere eskainiko du. Halaber, Ereagako igogailuak zailtasunak dituzten pertsonei Algortatik hondartzara joateko ekarri dizkien abantailak gogora ekarri nahi izan ditu Iñaki Zarraoa alkateak. Horretaz gain, hondartzan bertan ere irisgarritasuna bermatzeko Udalak eginiko lanak eta ezarritako zerbitzuak azpimarratu ditu.
Begirale taldea
Aipatutako zerbitzuak aurrera eramateko, laguntza teknikoa eta arreta pertsonala eskaintzeko begirale talde berezia du egitasmoak. Elbarritasunen bat dutenak artatuko dituzte 11:30etik 18:30ak arte. Zerbitzuez gain, jolas eta kirol jarduerak antolatuko dituzte hondartzan eta taldekako irteerak ere prestatzeko aukera aztertzen ari da Bidaideak. Getxoko Udalarekin batera parte hartzen dute ekimenean Gorliz, Sukarrieta eta Zierbenakoak ere. Iñaki Zarraoa oso pozik agertu da Ereaga hondartza aukeratu dutelako ekimenerako. Oso urrats garrantzitsua eman dela uste du.