Udan ere, Bai Euskarari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 1a, 20:24

Kontseiluak 'Udan ere, Bai Euskarari' leloarekin urtaro horretan euskaraz aritzeko konpromisoa zabaldu nahi du. "Euskal Herrian zehar turismoa egingo dutenei euskaraz mintzatzeko eta euskarazko zerbitzuak erabiltzeko eskatu nahi diegu", azaldu du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek. Hori dela eta, Kontseiluak kostaldeko herrietan uda pasatzen dutenei, hiriburuak bisitatuko dituztenei, landetxeetan izango direnei edota Euskal Herriko hainbat herri ezagutu nahi dituztenei, euskara erabiltzeko deia egiten die. "Gure artean euskara urteko egun guztietan sustatu behar dugu", adierazi du Mendigurenek. (Argazkian, Xabier Mendiguren eta Zigor Etxeburua).

Izan ere, euskaraz zerbitzua eskaintzen saiatzen diren enpresa, saltoki eta bestelako entitateen lana aintzat hartzeko deia hedatu nahi du Kontseiluak. "Aintzat hartu euskararekin konprometitzen dena", esan du Idazkari Nagusiak.

Kontseiluak barne turista euskaldunei euskarazko zerbitzua eskaintzen saiatzen diren entitateen zerrenda eskuratzeko aukera ematen duen www.baieuskarari.org web gunea aurkeztu du. "Gune honetan Bai Euskarari Ziurtagiria duten enpresa, saltoki, jatetxe, hotel, kultur jarduera eta beste entitateen izenak ikus daitezke, hau da, euskara erabiltzen saiatzen direnak", azaldu du "Bai Euskarari Akordioa Herrietan" proiektuaren arduraduna den Zigor Etxeburuak.

Herrika, sektoreka eta Bai Euskarari Ziurtagiria mailaka ikusteko abagunea eskaintzen du www.baieuskarari.org-ren 'nortzuek dute' aukerak. Arduradunak turismoa euskaraz egiteko lagungarriak izango diren zenbait adibide azaldu ditu: "Esate baterako, Donostia aukeratu eta Ziurtagiridunen izenak agertuko dira bat-batean, eta bezeroak euskarazko zerbitzua jaso nahi badu, bertara jotzeko aukera duela jakingo du", argitu du.

Gainera, web gunean Bai Euskarari Ziurtagiriari buruzko azalpenak irakur daitezke: zer den, mailen deskribapena eta zer egin behar den hura eskuratzeko, besteak beste.

Konpromisoa

Zentzu horretan, urtean zehar Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua 'norbanakoen konpromisoen' zerrenda zabaltzen saiatzen da. "Norbanakoek euskara hizkuntza normaltzat hartzeko 29 konpromiso zabaltzen ditugu eredu gisa", aditzera eman du Idazkari Nagusiak. Hori dela eta, udan ere herritarrak animatu nahi ditu.

Konpromisoen artean hauek nabarmendu dituzte: "Euskarazko zerbitzua ematen duten, normalizazioan abiatu diren edo Bai Euskarari Ziurtagiria duten enpresak lehenetsiko ditut" eta "euskara erabiliko dut (tabernetan, koadrilan, saltokietan, etxean, elkartean, lanean...)".

"Norbanakoek euskarazko zerbitzua jaso nahi izanez gero, Bai Euskarari Ziurtagiria duten saltoki, enpresa eta bestelako entitateetara jotzeko aukera dute", gogorarazi du Zigor Etxeburuak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun