Behatokia nazioartean bideak urratzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 6a, 21:02

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak nazioartean bidea egin du. "Language Rights in the Basque Country" txostena aurkeztu du. Euskal Herritik kanpo hizkuntza-eskubideen egoeraren berri ematen duen argitalpena da. Behatokiko Zuzendariak, Paul Bilbao algortarra, herrialde askotan izan da euskararen egoeraren berri zabaltzen, besteak beste, Kurdistanen, Londresen, Oxfordeko Unibertsitatean eta Triesten. Atzerrirako bidaietarako beharrezkoa da txosten berezitu bat, eta horregatik, 'Language Rights in the Basque Country' izenekoa garatu dute. (Argazkian, Paul Bilbao Behatokiko Zuzendaria txostena eskuan).

"Lau urteren buruan Behatokiak nazioartean hizkuntza-eskubideen egoera agertzen duen dokumentuaren beharra ikusi du", azaldu zuen atzo Behatokiko lehendakaria den Xabier Mendigurenek. Hartara, dokumentu arin batean Behatokiaren inguruko informazioa, datu demolinguistikoak, hizkuntzaren ordezkatze-prozesuari buruzko datuak, egungo egoera juridikoa, hizkuntza-eskubideen urraketen adibideak eta egoeraren diagnosia bildu dira.

Hainbat herrialdetan

Behatokiko Zuzendariak, Paul Bilbao, azken hilabetetan hainbat herrialdeetan izan da hitzaldien bidez euskaldunon hizkuntza-eskubideen berri ematen. Maiatzean Kurdistanen izan zen bertako udalak eta 'Diyarbakir Democracy Platform' erakundeak antolatutako konferentzian. Behatokiko Zuzendariak zenbait arazo izan zituen eta maleta ez zioten eman harik eta Istanbul utzi arte. Maletan Paul Bilbaok "Language Rights in the Basque Country" txostenaren 50 ale zituen, bai eta "Euskaldunon Egunkaria"ren itxieraren berri ematen zuten beste 50 txosten ere. "Hizkuntza-eskubideen egoerari mugak jarri zizkioten Turkiako agintariek", salatu du Paul Bilbaok. "Horrek nahiko argi islatzen du zein den bertako hizkuntza-komunitatearen eta hizkuntza-eskubideen egoera".

Londresen gutxiengoen eskubideen defentsan lan egiten duten hainbat erakunderekin bildu zen Behatokia. Halaber, prentsa askatasunaren aldeko 'Article 19' erakundeko ordezkariekin egon zen eta "Euskaldunon Egunkaria"ren itxieraren berri zuzena helarazi zien Zuzendariak.

Bestalde, Oxfordeko Unibertsitatean Hego Euskal Herrian hizkuntza-eskubideak zertan diren azaldu zuen Bilbaok.

Italiako Trieste herritik etorri berria da Behatokiko Zuzendaria. Bertan Gutxiengoen Hizkuntzei buruzko Nazioarteko Konferentzian jakinarazpena aurkeztu du.

Hiru helburu

"Bidaia hauek guztiak oso interesgarriak izan dira", aitortu zuen atzo Bilbaok. Behatokiak hiru helburu bete nahi izan ditu: batetik, Euskal Herrian hizkuntza-eskubideak zertan diren azaltzea nazioartean; bigarrenik, Behatokia nazioartean erreferente bihurtzea, "kontuan izan behar dugu Behatokiaren metodologia erabiltzen duen erakunderik ez dagoela"; eta azkenik, nazioarteko aditu zein erakundeekin harreman-sareak eratzea. "Azken hilabetean nazioarteari begira burututako ekinbideei esker hiru helburuak bete direla berrets dezakegu", esan zuen Paul Bilbaok.

"Language Rights in the Basque Country" txosten berezituarekin Behatokiak Euskal Herriko hizkuntza-egoeraren berri zabaltzen jarraituko du. Dagoeneko, Oxfordeko Unibertsitateko hainbat ikasgutako liburutegietan dago eta Europako 200 erakunde zein norbanakori helarazi zaio postaz, besteak beste. "Hortaz, dokumentu erreferentziala izango delakoan gaude", adierazi zuen Xabier Mendigurenek.

Gainera, Behatokiak nazioartean zabaltzeko argitaratzen duen 'Behatokia Newsletter' aldizkari digitalaren 9. alea zabaldu du bostehundik gora norbanako eta erakunderen artean. "Nazioartean Behatokiaren lana zabaldu nahi dugu horrenbestez", bukatu zuen Behatokiko lehendakariak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun