Getxo Jazzek 10.000 pertsona inguru bildu ditu XXIX. edizioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 6a, 21:09

Jazz musikaz beteriko bost egunen ondoren, Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdia atzo bukatu zen. Guztira, kontzertuetan eta beste zenbait jardueretan, 10.000 lagun inguru bildu dira herri bizkaitarrean jazzaldiak iraun dituen bost egunetan zehar. Antolakuntzako iturriek gaur jakinarazi dutenez, 15 bat kontzertutan, Europako soinuetan, kalitatean eta aniztasunean oinarrituriko proposamen musikalaz gozatu ahal izan du ikusleak. Halaber, Getxo Jazzek talde gazteen alde egiten duen apustua berretsi du, Talde Lehiaketa eta Hirugarren Milurtekoa sailek erakusten dutenez.

Aurtengo edizioan, kontzertu nagusietan banda eta estilo ezberdinak izan dira protagonista, Maria Joaoren ahotsaren aberastasunetik, Richard Gallianok akordeoiarekin erakutsi zuen maisutasunera.

Bestalde, John Scofielden laukotearen kontzertuak bildu du jende gehien aurtengo edizioan, Biotz-Alai Plazako karpa ia bete egin baitzuen. Bertan zeudenek nazioarte mailako gitarrista onenetakoa den Scofielden soinuak entzun ahal izan zituzten.

Baldo Martinezen "Proyecto Miño" eta Pirineos Jazz Orchestra taldeek osatu zuten kontzertu nagusien egitaraua. Proyecto Miñok Galizia eta Portugaleko mugako tradizio musikalera hurbiltzen du jazz musika; bestalde, 19 musikarik big banden musika eta euskal autoreen kantuak uztartzen dituzte Pirineos Jazz Orchestra egitasmoan.

Gazteak

Banda gazteek berriro izan dute toki nabarmena Getxo Jazzen, Txekiar Errepublikako, Frantziako, Austriako eta Alemaniako taldeak bildu dituen Talde Lehiaketaren eskutik. Azkenik, epaimahaiaren deliberamendu estu baten ondoren, Felix Fromm Sextet talde alemanak lortu du lehen saria; gainera, publikoaren saria ere eskuratu du. Halaber, Rainer Böhm taldeko pianista izan da bakarlari onena.

Hirugarren Milurtekoa sailak ere proposamen anitza eskaini du. Bost egunetan zehar, Fourejazz talde galiziarra, Listen! hirukotea, Contreras & Tutusaus boskotea, Teresa Zabalza 5et nafarrak, eta Ester Andujar Group laukote valentziarra igaro dira Getxo Antzokiko plazako agertokitik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun